Eskura izan du Pulpok, baina galiziarrentzat saria

Baleike 2018ko api. 15a, 15:15

22-23 galdu du Ttakun Pulpok Galiziako Carballalen aurka, Espainiako Txapelketako ligaxkako partida erabakigarrian. 

Aurreko bi partidak irabazita iritsi dira Pulpo eta Carballal ligaxkako azken partida erabakigarrira. Sari potoloa zegoen gaur jokoan: Espainiako zortzi onenen arteko azken ligaxkarako sailkatzea. Galiziarren lortu dute azkenean, baina Pulpok ez du inoiz amore eman, lau gol atzetik ere izan diren arren. Txapelketan egin dutenaz harro egoteko moduan daude.

Dei berezia egin zuten atzo jokalariek, gaur harmailetatik animoak eta bultzada eskatuz zumaiarrei. Bazekiten dena beharko zela Galiziako taldeari irabazteko, lehen bi jardunaldietan ikusi baita talde oso orekatua dutela. Eta kezka ez zen arrazoirik gabea. Partida hasi orduko ikusi da Carballali irabaztea ez zela lan erraza izango. Aurrea hartu dute markagailuan, eta zumaiarrek lanak izan dituzte partida erabat ez galtzeko lehen zatian. Atsedenaldira 10-13 iritsi dira, eta bigarren zatian lan eskerga egin beharko zenaren sentsazioarekin.

Hamalaugarren gola egin du Carballalek bigarren zatia hasi orduko, baina orduantxe etorri dira Pulporen minuturik onenak. Defentsan gehiago estutu dute, eta Itziar Altzibarrek beste behin erakutsi du baloia lapurtzeko trebetasun aparta duela. 16na berdintzea lortu dute eta oraindik ordu laurden luzea falta zen. Luzeegia, agian. 20-19 ere aurreratu dira zumaiarrak, baina Carballalek azken hitza zuen esateko. Buruz buruko defentsa egin diote Oihana Unanueri, eta Pulpok egoera horri aurre egiten ez du asmatu. Azkarregi bukatu nahi izan dituzte jokaldiak, nekea ere agertu da, eta azkenean ihes egin die zenbait minutuz eskura izan duten ametsak.

Triste zeuden, normala denez, baina badute harro egiteko motiborik, txapelketa bikaina jokatu dutelako. Espainiako zortzi onenen artean sailkatzeko oso gutxi falta izan zaie, eta hori ezin du edonork esan. Harmailak bete dituzten zaleek ere halaxe ikusi dute eta txalo zaparrada eder batekin eskertu dute jokalariek egindako ahalegina.