La Rocari 22-21 irabazita, lehen koska gainditu du Pulpok

Baleike 2018ko api. 13a, 20:28

Lehen zatian erraz nagusitu diren arren, Kataluniako taldeak gogotik estutu du bigarrenean eta ozta-ozta lortu du Pulpok Espainiako Txapelketako ligaxkako lehen garaipena. Bihar, 19:30ean, bigarrena, Kantabriako Vallebuelnaren aurka. Gaurko kronika eta argazkiak dauzkazue hemen.

Hiru egunetan hiru partidan jokatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; txapelketa motza izan arren, luze egiten da, gogorra delako oso. Are gehiago, oraindik jubenil mailan dauden jokalarientzat. Horregatik, lehen partidan garaipena lortzea garrantzitsua da oso, hurrengoetan nekeari eta minari aurre egiteko motibazioa nonbaitetik atera beharra dago eta. Horixe zen Andres Torriko eta Jokin Esnal entrenatzaileek jarritako lehen helburua, Kataluniako La Rocaren aurkako lehen partida irabaztea; eta gero gerokoak.

Eta partida ezin hobeto hasi da zumaiarrentzat. Erasoan eroso jokatu dute, lehen lerroan konbinazioak ondo egin eta defentsaren erdian erraz aurkitu dute jaurtiketzeko zuloa Sara Torriko eta Oihana Unanue albokoek. Zumaiarren golek kontraerasorako bidea moztu die kataluniarrei, eta defentsa antolatuaren aurka zailtasunak izan dituzte lehen zatian. Horrela, lau, bost eta sei goleko errenta ere lortu du Pulpok. Atsedenaldira 12-6 joan dira, eta partida bideratuta zegoen sentsazioarekin Lubakin bildutako hainbat ikusle.

Baina oker ziren. Bigarren zatiak oso bestelako itxura izan du. Lehen ordu laurdenean buelta eman dio La Rocak, 16nako berdinketa lortzeraino. Hortzak estutu egin dituzte defentsan, Torrikok eta Unanuek ez zuten jaurtitzeko bidea aurkitzen lehen zatian bezala, eta ordu laurdenez erasoan asmatu ezinik aritu dira etxekoak. Pulporen akatsak ederki aprobetxatu ditu La Rocak, jokoa bizkortu eta golerako bidea errazago aurkituz. 

Azken ordu laurdenean partida erabat berdindu da. Pulpoko jokalariek ahalegin handia egin dute defentsan berriro estutu eta gol jarioa eteteko. Oldarkorrago aritu dira, Kataluniako kanpoko jokalarien konbinazioak moztu nahian, eta lortu dute baloia lapurtu eta kontraerasoan ateratzea.

Gol bateko aldearekin iritsi da partida minutu erabakigarrietara. Pulpok gauza izan da azken ahalegina egin eta 22-18 aurreratzeko bi minutu eta erdiren faltan. Egina zegoen. Baina La Roca harrikozkor gogorra da, eta azken unera arte ez dute amore eman. 22-21 estutu dute markagailua azken momentuko penaltiarekin, baina ez zegoen gehiagorako denborarik. Lehen bi puntuak Pulporentzat.

Cardaball 31-26 Vallebuelna

Beste partidan, Galiziako Cardaballek 31-26 irabazi dio Kantabriako Vallebuelnari. Bihar, bigarren jardunaldian, Pulpok 19:30ean  jokatuko du Vallebuelnaren aurka. Aurretik, La Roca eta Cardaballen arteko partida jokatuko da.

Erlazionatuak