Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina datorren astean

Urola Kostako Udal Elkartea 2018ko api. 13a, 15:33

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat egingo du apirilean zehar, “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko”. Zumaian datorren astean egingo da kanpaina, apirilaren 16tik 21era bitartean.

Kanpainaren barruan kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo edo hartzaile zehatzentzako tailerrak egingo dira.

Ingurumen hezitzaileak Zumaian ibiliko dira apirilaren 16tik 21era, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00), edukiontziak dauden puntuetan. Bisita horien helburua da herritarren kezkak eta zalantzak argitzea, zaborrak sailkatzera doazen une berean.

Ostalari eta dendarientzako tailerrak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berrian badira kolektibo bereziak, euren ohiko jardunean etxeetan baino zabor gehiago sortzen dutenak, merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako.

Horiekin batera, badira beste hartzaile batzuk, beren ezaugarriengatik, arreta berezia eskatzen dutenak: adineko jendea, elkarte gastronomikoak, kultur edo kirol ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteak, hondakinak sailkatzeko kulturarik izan ez duten kolektiboak, jende multzo handiarekin lan egiten dutenak, eta abar.

Hartzaile zehatz horien beharrei eta kezkei erantzuteko, tailerrak egingo dira. Bi orduko iraupena izango dute eta kolektibo bakoitzaren behar eta ezaugarriei egokituta egingo dira.

Hona hemen Zumaiako tailerren egutegia:

  • Ostalariak, apirilak 18, 9:00etan, Oxford aretoan
  • Dendariak, apirilak 18, 15:00etan, Oxford aretoan