Itxas-gain elkarteak 50. urteurrena ospatuko du igandean

Baleike 2018ko api. 13a, 08:46
Argazkian: Inaxio eta Alejo Aizpurua, Ligorio Urruzuno eta Manuel Bernal.

Herriko 14 gaztek 1968ko apirilaren 24ean sortu zuten Itxas-gain elkartea. Bere baitan kirol edo ekintza bat hartu behar zuten, eta hala, piraguaren aldeko apustua egin zuten. Mendi erdi honetan piraguismoak herrian izan duen indarraz harro dira, eta baita, Zumaiak izan dituen eta egun dituen piraguistez. Urteurrena ospatzeko, hogei urtez isilik eduki duten txarangarekin aterako dira igandean.

San Telmo bigarren egunean egin dugu zita Itxas-gaineko elkartean duela 50 urte sortu zuten hiru fundatzaileekin. “Gaurko egunez hemen ere olagarro zopa egiten zen, baina, orain galduta dugu ohitura hori”, aipatu dute.

Santelmoen repetizioetako igandean Itxas-gainen 50. urteurrena ospatuko dute. 1968ko apirilaren 24ean jaio zen elkartea, oraingoa kokatzen den lekutik metro gutxira. “Gure garaian ez zegoen orain bezalako elkarte eta tabernarik, eta lagun artean egoteko asmoz, elkarte bat osatzeko ideia atera zen”, gogoratu du Ligorio Urruzunok, elkarteko lehendakariak. Hala, herriko 14 gazte elkartu ziren. Gaur egun, zazpi bizi dira, eta horietatik hiruk jarraitzen dute bazkide.

San Telmo kaleko 8. zenbakian kokatu zen elkartearen lehendabiziko txokoa. “Hasierako leku hura ukuilu tokia zen. Hori dela eta, lehenengo lana tokia txukuntzea eta prestatzea izan zen. Hondarra ekartzen genuen, harria harraldetik… Dena auzolanean egin genuen”, jarraitu du Urruzunok. Dena prestatu ostean, elkartea legalizatu egin behar zen, baina arazo bati aurre egin beharra izan zuten. “Tramiteak egiteko, gutxienez 21 urte behar ziren, eta ni nintzen baldintza hori betetzen zuen bakarrenetakoa. Gobernadore zibilarengana joan nintzen elkartearen sorreraren akta sinatzera”, esan du Alejo Aizpuruak. “Hamalau horietako gehienak 18 urte ere ez zituzten”, gaineratu du.

Behin lokala atonduta, festak eta afariak egiten hasi ziren. Baina espazio hori ez zuten soilik beraientzat erabiltzen. “Bazkide ez ziren herritarrei alkilatu egiten genien lokala beraien festak egiteko, baina soilik denbora tarte jakin baterako”, aipatu dute. Fundatzaileak 14 izan ziren, baina berehala 24 bazkide izatera pasa ziren.

Piraguako kluba

Elkartea sortzeko beharrezkoa zen horri lotutako ekintza bat hartzea, eta Itxas-gainek piraguismoaren aldeko apustua egin zuen. Hain zuzen, urte bat lehenago, Santiagotarrak taldea sortu zen, Irunen. “Euskal Herrian Irungoekin batera, gu izan ginen lehenengoak piraguismoa egiten. Orduan ez zegoen itsas kiroldegirik, eta herriko garaje eta lokaletan gordetzen genituen piraguak”, gogoratu dute.

Piraguismoaren lehenengo etapa hark bizpahiru urte iraun zituen, harik eta 1970-71 urte inguruan taldea desegin zen arte. Ondoren, urte batzuetan aktibitaterik gabe izan ostean, piraguismoak bigarren loraldia izan zuen. “1978 urte inguruan hasi ginen berriro kirol horrekin, eta orain arte. Garai honetan emakumeak ere hasi. Oso harro gaude herriko piraguistak egin dutenaz”, adierazi dute.

Itxas-gain txaranga

Elkartearen aktibitate nagusia piragua izan da, baina beste hainbat ekintzetan ere parte hartu dute. Hala nola, Aste Santuko prozesioan santuak eramaten, Santelmoetan txupinazoaren ondoren herritarrei hamaiketakoa ematen, festen repetizioetan haur jolasak antolatzen… Baina elkarteko kideentzat zerbait adierazgarria eta garrantzitsua izan bada hori txarangaren sorrera izan da. “Txaranga sortu genuela izango dira 40 urte baino gehiago. Lokal zaharrean 30 urtez egon ginen, eta oraingora etorri ginenean, duela 20  urte, txaranga jotzeko ohitura joan egin zen”, kontatu du Inaxio Aizpuruak.

Txarangarekin Santelmoen repetizioetako larunbatean ateratzen ziren. Alkandora zuria, galtza urdinak, txapela eta pajarita gorria ziren traje ofizialaren elementuak. “Elkartearen urteurrenean ere txaranga ateratzen genuen, ez zen inoiz falta”, gogoratu dute.

Igandean ere, txarangarekin ospatuko dute elkartearen  mende erdia. Goizean goizetik hasiko dute jaia, eta 08:00etan diana edo goiz soinua joko dute. Ondoren, 09:00ak aldera musika eskolara joango dira, eta bertako ikasleekin batera herriko kaleak alaituko dituzte. 10:30ean, indarrak hartzeko Pulpoko elkartean hamaiketakoa egingo dute, eta ondoren, 12:30ak aldera kalejira egingo dute. “Eguerdian, 14:30ak aldera, bukatutzat emango dugu eta Itxas-gainera joango gara bazkaltzera. Han, sortzaileetatik bizi garen zazpirok oroigarria jasoko dugu”, aipatu du Urruzunok.

Elkarteko kideentzat Santelmoen repetizioak beti izan dira bereziak. Horren erakusle da txaranga, eta baita, zazpi bat urtez antolatu zuten entzierroa ere. “Orain Ardantzabideko etxeak dauden tokian ateratzen ziren zezenak eta San Telmo kaletik barrena, hondartzara joaten ziren. Festen azken egunean egiten zen entzierroa, igande goizean, eta izugarrizko giroa izaten zen. Bezperan lorik ere ez genuen egiten. Elkartean afaldu, txaranga jo, eta 05:00ak alderako entzierroa prestatzen hasten ginen, izan ere kaleak itxi egin behar ziren. Zezenak 07:00etan ateratzen ziren”, gogoratu dute.