Santelmoak18

Gorputza biziberritzeko edabe magikoa

Baleike 2018ko api. 10a, 20:25

Asterixen eta Obelixen komikiak irakurri dituztenek ondo ezagutzen dute istorioa: Obelix txikia zenean eltze batera erori zen, eta han zegoen edabe magikoa edan ondoren, indartsua bihurtu zen. Ez dakigu gaur herriko elkarte batzuetan prestatutako edabeak indar berezirik emango zien hura dastatu dutenei, baina sabela berotuta eta irribarre batekin atera direla, horren zalantzarik ez dago. Inor ajearekin agertu bada, indarberrituta atera dela ere ziur gaude.

Zaharrenek diote olagarro zopa ajearen aurkako edabe ezin hobea dela, eta gaur, San Telmo bigarren egunean, Inpernupe edo Pulpo bezalako elkartetan eman dute. Inpernupe 1986. urtean sortu zuten eta ordutik dute egun horretan zopa emateko ohitura. “San Telmo egunean salda ematen dugu eta San Telmo bigarrenean olagarro zopa”, adierazi digute. Urtero Getariatik autobusez etortzen den lagun kuadrilla ere badela gaineratu digute.

Eguerdiko 12:00etan agertu garenerako Erribera kalean dagoen elkarteko jangela beteta zegoen; baita plater batzuk jada hutsik ere. “Hartuko nuke beste platerkada bat”, zioen mahaian eseritako batek. Seinale Iñigo Egigurenek eta Jesus Angel Mendizabalek prestatutako zopa gustukoa izan zela. “Suabea dago”, esan du koilara ahora zeraman bezero batek. «Zopa suabea egiten dugu guk, ez usainarekin bakarrik atzeraka egiten zaituen motakoa», azaldu digu Mendizabalek. 1,3 kilo olagarro lehor eta 24 ogi barra erabili dituzte gaineratu du.

Metro gutxira dago Pulpo elkartea. Hemen ere makina bat urte daramatzate olagarro zopa ematen San Telmo bigarren egunean. “Zopa prest al dago?”, galdetu du bezero batek atetik. “Oraindik ez dira 12:30ak, oraindik ez dugu aterako”, erantzun diote barrutik. “Ohiturak dio 12:30ak arte ez dela zoparik emango, eta ohiturak bete egiten ditugu”.

Azken urteotan bezala, Bixente Egañak prestatu du aurten ere Pulpo elkarteko zopa. Hiru kilo olagarro lehor erabili zituen 120 bat litro zopa prestatzeko. “Geratuko ote den? Bai zera! Falta egingo da”, azaldu digu.

12:30ak pasata zirela, elkartea betetzen hasi zen: edadetuak, bikoteak, langileak, baita haurrak ere. Ohiturek osasuntsu jarraitzen dute.