Santelmoak18

Altunak erabaki du, azken aukeran

Baleike 2018ko api. 9a, 20:47

Jokin Altunak eta Julen Martijak 22-21 irabazi dute santelmoetako jaialdiko partida nagusia, Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Zabaletak ezin izan du garaipenarekin estreinatu atzo Ezkurdiarekin irabazitako binakako txapela. Jaialdiko azken partidan Jakak 22-6 irabazi dio Mendizabali Banakako Txapelketako atarikoa. 

Txapeldunez jositako kartelak Aitzurira erakarri ditu herriko eta inguruko pilotazaleak. Are gehiago, Jose Javier Zabaletak atzo binakako txapela irabazi eta gero. Gainera, aurreko koadroetan Altuna eta Irribarria juntatuz gero ikusmina ziurtatuta dago.

Aurreikuspenei erantzuteko gogotsu hasi dira pilotariak, nahi baino huts gehiago egin duten arren hasieran. Bakoitza bere armekin, Altunak eta Irribarriak tanto politak egin dituzte eta azken txanpara Irribarria eta Zabaleta iritsi dira partida irabazteko aukerarekin, 21-18 aurreratuta. Ordurako dominatzen ari ziren eta bazirudien urdinentzat izango zela garaipena. Baina orduan agertu da Altuna. Tantoa egiteko zirrikitua aurkitu du eta handik 22ra arte.

Jaialdiko hirugarren partidan Jakak 22-6 irabazi dio Mendizabal III.ari, Banakako Txapelketako atariko kanporaketan. Mendizabalek duen guztiarekin ahalegindu da, baina Jakak erakutsi du beste maila bat duela. Jaialdiko lehen partidan, Dariok eta Martinezek 18-13 irabazi dute Elordi eta Irustaren aurka.