GUTUNA: Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz...

Eneida Aranzabal Isasa, Luis Rodrigo Ibargutxi Val eta Leire Garate Olaizola 2018ko mar. 26a, 13:57

Kaixo. Nire burua aurkeztuko dut lehendabizi: Zumaiako Udalak hutsik duen lokal bat naiz eta nire ametsa udalerriko herritarrei zuzendutako zerbitzu bat eman ahal izatea da.

Jakin badakit Zumaiako guraso talde haundi batek 0 eta 6 urte bitarteko beraien seme-alabentzako udal espazio baten beharra aldarrikatu duela eta espazio hori eskatzen ari zaizkiola Zumaiako Udalari aspalditik. Jakin badakit baita ere, beste udalerri batzuetan ni bezalako lokal hutsak egokitu eta 0-6 urteko haur eta familientzako topagune bihurtu direla: hala nola, Oreretan, Aretxabaletan, Zestoan, etab. Agian, ni ez naiz lokalik egokiena, baina jakin badakit baita ere Zumaiako Udalak lokal huts ugari dituela; eta, ziur nago baita ere, hutsik gauden lokal guztietatik bateren bat egokia izan daitekeela obra gutxirekin zumaiar familien behar honi erantzuna emateko. 

Udalak ni aukeratuko banindu 0-6 urteko haurrentzako lokal bezala, haurren eta familien zenbat behar asetuko lirateke! Amesten hasten naiz...

Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz...
Adin tarte horretako haurren garapenean lagunduko nuke, espazio itxi eta seguru bezala beraien mugimendua, jolasak eta elkarkidetza bermatuz. Etxean gurasoekin egoteaz aparte, beste eremu aberats bat eskainiko nuke. Ni neu espazio hezitzailea izango nintzateke.

Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz...
Gurasoentzako topagune bihurtu ninteke, non beraien esperientzia partekatzeko aukera izango luketen: beraien amatasun eta aitatasun esperientziaz hitz egin, elkar ezagutu eta sarea egin, seme-alaben hezkuntza prozesua ez baita bakardadean egiten. Bata bestearen esperientzia eta ezagutzaz aberasteko aukera izango lukete gurasoek. Haurren hazkuntza eta hezkuntza prozesuan sakontzeko modua bilatuko lukete (tailerrekin, hitzaldiekin, etab.) eta familia osoaren garapenean onura haundia izango duen espazioa bilakatuko nintzateke.

Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz...
Zumaiako udal zerbitzu desberdinetan dagoen hutsunea beteko nuke, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat espazio estali egonkorrik ez baitago gaur egun. Zumaiako udalak 0-6 urteko haurrak dituzten familien beharrak kontuan izan eta erantzuna eman nahi izanez gero, familia gune bihurtu naitzake; hau da, ez nintzateke ludoteka edota partekatutako espazioa izango, adin tarte honetako haurren ezaugarri zehatzei zuzendutako espazioa baizik.

Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz... Udalak udalerri desberdinetako esperientziak hartu ditzake erreferentzia moduan nire ezaugarri eta erabilera egokiak bermatzeko.

Aretxabaleta eta Oreretako udalerriko adibideak oso aberasgarriak dira. Oreretan, adibidez, Udalak gurasoen kezkak entzun eta zerbitzu egonkor bat sortu du, non familia kopuru mugatu bat egon daitekeen aldi berean lokalean eta guraso elkartea eta Udalaren arteko komunikazioan kudeaketa egoki batera heldu diren, (ikusi informazioa).

Aretxabaletan, Kuku Miku guraso elkarteak 2012az geroztik Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuen 0-6 urteko haurrentzat eta beraien familiei zerbitzu egokia eskaintzeko (tailerrak garatzeko, esperientziak partekatzeko, etab.). Hemen duzue informazio gehiago.

Zestoan ere lokala Aste Santu ondoren zabalduko da eta Udalak hartu du bere gain ordutegia eta giltzaren arduraren kudeaketa. Ondarroan, berriz, lokalaren antolaketa autogestiboa da eta familiek dute garbiketaren zein giltzaren ardura, bakoitzak berea baitu, hemen horri buruzko albistea.

Zumaiako Udalak, beraz, adibide anitzak ditu aukeratzeko, 0-6 urteko haurrentzako lokala izateko modu desberdin asko baitago. Baina konturatu naizenez, garrantzitsuena kezka duten familiei entzutea da, beraien beharrei erantzun egokia emateko. Ni lokal bezala prest!

Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako lokal egokia banintz… Hurrengo batean beste udalerriko iritzi artikulu batetan adibide bezala jarriko naute erreferentzia bezala; beraz, Zumaiako Udala animatu zaitez! 0-6 urteko haurrentzako lokala orain!

Eneida Aranzabal Isasa, Luis Rodrigo Ibargutxi Val eta Leire Garate Olaizola

Erlazionatuak

GUTUNA: Negua joan da eta, baina…

Ibon Manterola Garate, Nerea Goiria Mendiolea eta Axier Lopez Rodriguez 2018 mar 22 Zumaia 4

GUTUNA: Barru giro

Oihana Aizpurua Perez, Uhin Loiola Uranga eta Maite Mendia Ugarte 2018 mar 21 Zumaia