Unibertsitateetako talentua garatzeko 'Talentia' proiektua abian da

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mar. 24a, 06:00

Talentia proiektua aurkeztu dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Tecnuneko errektoreordeek. Gipuzkoa Talent estrategiaren barruan kokatzen da programa hau eta herrialdeko unibertsitate talentuaren garapena bultzatzea du helburu.

Ikasturte honetan programa pilotua jarriko da martxan. Gipuzkoako ikasle unibertsitarioak, tailer, coaching saio eta topaketen bidez, lanbide merkatuan sartzeko eta lan-merkatuko egiturarekin eta testuinguruarekin koherenteak izango diren helburu pertsonalak eta profesionalak bat egiteko prestatuko dira.

Gipuzkoa Talent estrategiak lurraldeko giza kapitalaren garapena “sustatu eta bultzatzeko” helburua duela adierazi du Olanok, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko talentu hori gero eta gehiago eskatzen duten enpresekin "konektatzeko". "Giza talentua hazkundea, lehiakortasuna eta berrikuntza lortzeko faktorerik garrantzitsuena izango da XXI. mendean. Gipuzkoa gogor ari da lanean erronka horietan aurrera egiteko, eta jarduera ekonomiko berria sortzen duen eta herritarren ongizatea bermatzen duen gizarte moderno gisa aurrera egiteko", adierazi du diputatu nagusiak.

Talentia programa estrategia horren aurrerapausoa dela ere aipatu du. "Gure lurraldeak duen talentuaren gaitasun osoa garatu nahi dugu. Unibertsitateek balioak eta kalitatezko ezagutza tekniko eta akademikoa eskaintzen dizuete, zalantzarik gabe faktore
erabakigarria. Baina, gainera, lan merkatuan sartzeko orduan funtsezkoa da gizarte eta mundu profesional aldakorretan moldatzen lagunduko dizueten konpetentzia profesional eta pertsonalak izatea", azaldu die Olanok ekitaldian parte hartu dutenei. Gaineratu duenez, Gipuzkoa "ausardiaz"; ari da lanean etorkizunak planteatzen dituen erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, eta, horretarako, gizarteak eta enpresek "prestakuntza eta jarrera duten gazteak" behar dituzte.

Profesionaltasunerako gaitasunak

Programa honen bidez, ikasleek adituen laguntza izango dute beren plana diseinatzeko, jarduera akademiko eta kokurrikularretan oinarrituta; karreran lortutako trebetasun eta konpetentziei buruzko dokumentu-zorro propioa garatzeko; eta beren talentua enpresa eta erakundeei eskaintzen ikasteko, betiere balioa eta ongizatea sortzeko ikuspegiarekin. Parte hartzen duten ikasleen hautaketari dagokionez, hurrengo taulan azaltzen diren fakultateek 2018ko otsailetik aurrera proba pilotu hori garatuko duten lehen ikasturteko hautagaiak aukeratuko dituzte, nahiz eta proiektu horrekin zerikusia izango duen talde profesionala arduratuko den hautagaien egokitasuna berresteaz, proposamen honen hurrengo atalean deskribatzen den hautaketa prozesuaren bidez. Hau da, fakultate bakoitzak 30 pertsona aukeratuko ditu, eta horietako 15ek programan parte hartuko dute.

Programaren funtzionamenduari dagokionez, Gipuzkoa Talent estrategiako teknikariak harremanetan jarriko dira programan parte hartzen duten fakultate guztiekin, horiek hautaketa-prozesuan parte hartuko duten 30 pertsonen aurrehautaketa egin dezaten, bakoitzak egoki iritzitako irizpideari jarraiki. Aurrehautatutako gazteak izan ziren, hain zuzen ere, atzoko aurkezpenean parte hartu zutenak. Horiei guztiei gutun bat bidaliko zaie posta elektronikoz, eta programaren berri emateaz gain, jakinaraziko zaie aurrehautatuak izan direla programan parte hartzeko, kontuan hartuta ezinbestekoa baldintza dela Gipuzkoan erroldatuta egotea, gutxienez urtebete lehenagotik; beraz, beharrezkoa izango da hautaketa-prozesua hasi aurretik egiaztagiri hori aurkeztea.