Santelmoak18

Herri mugimenduko eragileekin batera prestatutako festak

Baleike 2018ko mar. 22a, 21:19

Aste Santuan sartzera goaz egun gutxi barru, jai egun batzuk hartzeko une aproposa askorentzat. Baina, haren amaieran, zumaiar ugarirentzat askoz ere garrantzitsuagoa den zurrunbilo batean murgilduko da herria: San Telmo jaietan, hain zuzen ere. Udal Kultura eta Festa Sailak une batetik bestera iragarriko du bi asteburu irauten dituen urdin koloreko jaien egitaraua. Aurretik, Zumaiako Txosnek iragarri dute festetarako prestatutako egitaraua.

Behin edo beste euriaren bisita izaten duten festen fama dute santelmoek, eta justu euripean eta hotz galantarekin egin dugu topo Zumaiako Txosnetako kide Usue Altunarekin eta Julen Aperribairekin. Egitarauaren kartelak besapean dituztela agertu dira Arranpla parera, txosnak kokatuko diren gunera.

Bi aste barru hasiko dira jaiak, baina antolaketa lanak abenduan hasi zituztela adierazi digute. “Pasa den udazkenean hasi ginen kontzertuak kontratatzen, baina, bestela, abendu amaieran hasiko ginen elkartzen. Gauza teknikoak antolatzeko lantalde txiki bat dugu, baina, gero zabaltzen saiatzen gara ahalik eta parte hartze handiago izan dezan”, adierazi du Aperribaik.

Parte hartze zabal hori lortzeko “herri mugimenduko eragileen kolaborazioa” lortzen saiatzen direla gaineratu du Altunak. “Egitarau alternatibo bat egiten saiatzen gara. Hala, Gazte Eguna Katxapero Konpartsak antolatzen du, bazkaria Presoen Lagunen esku geratzen da, kontzertuetarako musikaren inguruan aritzen direnekin kontsultatu dugu, etab. Gero, apirilaren 14ean Altsasukoak Aske manifestazioa egingo da Euskal Herri mailan, eta Zumaian festetan gaudenez, herrian bertan aterako gara manifestazioan”.

Aurreko asteetako edo hilabeteetako antolakuntza lanetan bakarrik ez, festek iraungo duten egunetan ere kolaboratzeko aukera zabaldu dute, txosnetako txandak eginez. “Iaztik aldatzen joan gara. Lehen txandak banatzeaz arduratzen zen talde bat genuen. Pasa den urtean posta elektronikoko helbidea eta telefono zenbakia jarri genituen jendeak izena eman zezan. Aurten bigarren aldiz egin dugu eta oraindik eta jende gehiago animatu da. Hauetako asko, gainera, gazteak dira, 16-18 urte ingurukoak. Hor jendearen ilusioa ikusten duzu eta horrek guri ere poza ematen digu”.

Kontzertuak eta gehiago

Bi asteburu hauetan egongo diren kontzertuen berri eman du Zumaiko Txosnak hedabideen bidez. Hala, Anita Parker, Estricalla, Xiberoots, Gora Etorri, The Capaces, Rukula eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak izango dira. “Azken hauek bazkari herrikoiaren ondoren joko dute. Hor ere aldatzen saiatu gara. Lehen bazkaritik gaueko kontzertuetara arte ez zen gauza handirik egoten. Iaz hasi ginen beste ordu batzuetan ere ekitaldiak antolatzen. Aurten, adibidez lehen igandeko bazkalondoan ipuin kontalaria eta Lindy Hop tailerra egingo da”. 

Aurten ere faltako ez dena bertsio gaua izango da. Repetizioetako ostiralean egingo da eta Nirvana, Delirium Tremens, Kuraia, Kaotiko, RIP eta Negu Gorriak taldeen bertsioak egingo dituzte oholtza gainera igoko diren taldeek. Gau honen arrakasta ukaezina bada ere, emakumeen eta musika taldetan ohikoan jotzen ez duten pertsonen parte-hartzea areagotzeko ahalegina egin behar dela onartzen dute, “jendea konplexurik gabe oholtzara igotzeko”.