Musika jaialdia egingo da ostegunean Oikian

Baleike 2018ko mar. 20a, 12:18
Argazkia: Txori Txiki Musika eta Dantza Eskola

Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, musikarekin lotutako ekitaldi bana egingo dira Oikian eta Zumaian, ostegunean. Oikian jaialdia egingo da; Zumaian, berriz, entzunaldia. 

Txori Txiki orain bi urte hasi zen klaseak ematen Oikian. Ordura arte, Oikiako ikasleek Zumaiara etorri behar izaten zuten musika eskolako klaseak jasotzera. Horren jakitun, eta Oikiako Eskola Txikiarekin elkarlanean, irakasleak hasi ziren Oikiara joaten. "Proiektua oso ondo doa eta ikasleak lan asko ari dira egiten, oso motibatuta daude", adierazi du Txori Txikiko zuzendari Sofia Oriak. 

Bigarren urtez jarraian, jaialdia antolatu du Musika Eskolak. Bertan, Oikiako ikasleek ikasitakoa herrikideen aurrean erakusteko aukera izango dute. Musika tailerreko, musika mintzairako eta instrumentuetako ikasleak aritu dira, eta piano, trikitixa, gitarra, eskusoinu eta oboe doinuak entzungo dira. Jaialdia 18:00etan izango da, ostegunean, Oikiako frontoian.

Egun horretan bertan, baina 18:30ean, Zumaiako Aita Mari zinean, musika entzunaldia egingo da.