Izaro, Nøgen eta Marlik, apirilaren 20an, Getariako Artzape Fest!-en

Baleike 2018ko mar. 19a, 20:41

Getariako Artzape Euskara Elkarteak antolatuta, apirilaren 20an, Artzape Fest! jaialdia egingo da Cristobal Balenciaga Museoan. Oholtza gainera Izaro, Nøgen eta Marlik talde zumaiarra igoko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta antolatzaileek emandako lagun batentzako bi sarrera zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean.

Artzape Euskara Elkarteak, Artzape izeneko herri aldizkaria ateratzeaz gain, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu 2013. urtetik hona Getariako leku ezberdinetan. Aurtengoan, baina, pauso bat aurrera egin dute eta Artzape Fest! izeneko jaialdia antolatu dute. 

Jaialdiko izen handia gaur egun puri-purian dagoen Izaro izango da. Mallabiar hau 2014. urtean murgildu zen musikaren munduan, Paradise abestiarekin ezagun egin zenean. Horren ostean Om diska kaleratu zuen kantautore mallabiarrak, eta aurten kaleratu du Eason lana. Getariako kontzertua Eason diska aurkezteko giraren barruan eskainiko du.

Aldiz, Donostiako Nøgen taldean 2016. urtean sortu zen; musika exotikoarekin lagundutako ahots ahaltsuak dituzte bereizgarri. Zumaiako talde bat ere izango da egun horretan oholtza gainean: Marlik laukotea, hain zuzen ere. Bluesa eta rocka uztartzen dituen taldea da hau. 

Kontzertua 21:30ean hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko ticket.kutxabank.es atarian. Sarrera bakoitzak 15 euro balio dute; alerik geratuko balitz, apirilaren 20an bertan leihatilan erosteko aukera egongo litzateke 20 euroan.

Zozketa

Artzape Euskara Elkarteak lagun batentzako bi sarrerak eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. Zozketan parte hartzeko formulario hau bete beharko duzue ostiral eguerdia baino lehen. Hartu parte eta zorte on!