Kontziliazio erantzunkiderako programa berritzailea probatuko du Aldundiak

Babestutako edukia 2018ko mar. 16a, 19:30

Eraldaketa soziala bultzatzeko kontziliazio erantzunkideko lehen saiakuntza-laborategia abiaraziko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasainen.

HerriLab izeneko ekimenaren bitartez, Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Planaren esperimentazio-probalekua izango da Beasain. Herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dira proiektu pilotu honi esker. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu du kontziliazioak era bateratu eta koordinatuan gauzatutako ekintza sorta eskatzen duela, "bizitzaren esparru orori alde guztietatik heltzeko". Hala, HerriLab-en ekintza hiru esparrutan garatuko da: ekonomiko-laborala, soziala eta erakundeetakoa. Hain zuzen, hiru ardatz horietan oinarritzen da iazko ekainean aurkeztu zen kontziliazio planean jasotako ekintza plana. Honenbestez, ekimenaren exekuzioan parte hartuko dute Beasaingo ehun sozio-ekonomikoaren, kulturalaren eta erakundeetakoaren eragile adierazgarrienek eta, Olanok zehaztu duenez, "kontziliazio erantzunkiderako bidean lagunduko duten ohitura berriak hartzea da helburua".