Itxas-Gaineko bost piraguistak hartuko dute parte Espainiako txapelketan

Itxas-Gaineko bost piraguistak hartuko dute parte Espainiako txapelketan

Neguko Espainiako piraguismo txapelketa jokatuko da asteburu honetan, larunbatean eta igandean, Sevillan, Guadalquivir ibaiaren alboan eraikitako kanal batean. Denboraldiko lehen txapelketa handia izango da eta estatu osoko piraguistak egotea aurreikusten da.


Bertan izango dira Itxas-Gain klubeko piraguista batzuk. Bost laguneko ordezkaritza eramango du Zumaiako piraguismo taldeak Sevillara, aurreko urteetakoa baino txikiagoa. “Txapelketan jubenil, 23 urtez azpiko, senior eta beterano mailetako piraguistek hartuko dute parte. Lehen kadeteak ere izaten ziren, baina aurten hemendik atera eta haientzako txapelketa propioa antolatu dute Palma Mallorcakoan”, adierazi digu Xabier Osa piraguista eta entrenatzaileak gutxitze hori azaltzeko.

Hala, bost lagunek eramango dute Itxas-Gainen kamiseta Espainiako txapelketan: Irati Osak, Imanol Barruetabeñak eta Imanol Txapartegik 23 urtez azpikoen mailan, Iñigo Peñak seniorretan eta Xabier Osak beteranoetan. Madrilen bizi den Peñak Sevillan bertan egingo du bat klubeko beste kideekin.

Larunbatean sailkatze estropadak jokatuko dira, 2.000 metroko distantzian. “Eremua kaletan banatuko da eta erlojuaren aurka arituko dira piraguistak. Maila bakoitzeko lehen 70ak igandeko probara pasako dira. Honek 5.000 metroko distantzia izango du eta denak batera aterako dira”, dio Osak.

Beterano mailako piraguista honek ederki ezagutzen du txapelketa hau, aurrez ere sarritan izandakoa delako. “Txapelketa polita izaten da eta maila oso handikoa da. 200 metroko palistak izan ezik, Estatu osoko piraguistak izaten dira bertan, pistakoak eta baita maratoikoak ere. Sevillan irabazteak ospe handia ematen du”.

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan lan txukuna egin eta gero doaz zumaiarrak Andaluziarantz. Irati Osak Zumaian jokatutako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen otsailaren 25ean, eta Euskadikoa, Irunen, astebete geroago. Imanol Barruetabeña ere garaile izan zen Zumaian, baina Euskadikoan erretiratu egin behar izan zuen, eroriko bat izan eta gero. “Irati oso, oso ondo dabil. Imanol Barruetabeña bueltan da iaz izandako lesioaren ondoren eta maila onean dago. Pasa den urtetik uhona asko hobetu dena Imanol Txapartegi da. Hobekuntza handia izan du”, nabarmendu du entrenatzaileak.

Aurreko urteetako txapelketetan aritutako zenbait piraguista ez dira aurten Sevillara joango. “Lan asko ari dira egiten, baina ikasketak direla medio, ez daude txapelketara joateko mailan”. 

Itxas-Gainen helburuak Espainiako txapelketara begira nahiko xumeak dira. “Barruetabeñaren eta Txapartegiren kasuan, lehen estropadan aurrera egin eta igandekoan ahalik eta hobekien aritzea nahiko genuke, eta Iratik ea hamar onenen artean sartzea lortzen duen. Iñigo ez dago hemen eta ez dakigu nola dagoen, baina onenen artean egon beharko luke. Eta ni, bada, ni buruan egotearekin gustura egongo naiz”.

Etorkizunera begira

Sevillako hitzorduan egongo ez direnak kadete mailako piraguistak dira. Espainiako federazioak, aurten, maila honetako piraguistentzako txapelketa propioa antolatu du Palma Mallorcakoan. Itxas-Gain ez da joango txapelketa horretara, “nahiz eta lehen hamarren artean sartzeko moduko pare bat piraguista baditugun”. Osak adierazi digunez, horren atzean arrazoi ekonomikoak daude. “Aurretik joan izan gara Palmara, eta urte hartan ferrya doan zen. Aurten ordaindu egin behar da: piraguen karroagatik 300-400 euro ordaindu behar dira, beste hainbeste furgonetagatik, eta gero egonaldiak ere hor daude. Hori ikusita, ez joatea erabaki dugu. Ordainetan, beste txapelketa batera eramango ditugu gazteak lehiatzera”.

Dirua soberan ez du klubak eta, aurreikuspenak eginda, datorren denboraldirako gordetzea erabaki du. “Datorren urtean jende asko igoko da mailaz, ekipamendua erosi beharko dugu, piragua batzuk ere bai, eta aurten ahalik eta gastu txikiena egitea erabaki dugu”.