Hezkuntza publikoaren greba deialdiarekin bat egingo du bihar eta etzi Zumaiako Herri Eskolak

Baleike 2018ko mar. 13a, 15:14

Sindikatuek deituriko EAE mailako hezkuntza publikoaren greba deialdiarekin bat eginez, Zumaiako Herri Eskolako irakasle gehienek greba egingo dute bihar eta etzi. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzua eskainiko da bi egunetan. Institutuak ere gutxieneko zerbitzua bermatuko du. Bestalde, Eskola txikiak, Arrangoletako haurreskolak eta Oikiako eskolak ez dute grebarik egingo.

ELA, LAB eta Stee-Eilas sindikatuek hezkuntza publikoko greba deialdia deitu dute bihar eta etzirako. Zumaiako Herri Eskolako irakasleen gehiengoak egingo du greba, beraz, gutxieneko zerbitzua izango da martxoaren 14an eta 15ean.

Institutuari dagokionez, oraindik datu zehatzik jakin gabe, grebak eragina izango duela baieztatu du bertako zuzendariak. “Bihar etzi baino eragin gehiago izango duelakoan nago, baina hala eta guztiz ere, bi egunetan gutxieneko zerbitzua bermatuta izango dugu”, adierazi du.

Oikiako eskolan, aldiz, ez da grebarik egingo. Itziar Garciarena zuzendariak jakinarazi du ezezkoa atera dela bozketan, beraz, ohiko zerbitzua eskainiko dute.

Patzuergoko haurreskolen kasuan, hau da, Eskola txikiari eta Arrangoletari dagokionez, ohiko zerbitzua izango dute. “LAB sindikatuak bertan behera utzi du haurreskoletako greba deialdia, eta guk ere bat egingo dugu erabaki horrekin. Uste dugu gure sektorean lorpen asko egin direla, beraz, guk ez dugu egingo”, esan dute bi haurreskoletako arduradunek.

Irakasleen aldarrikapenak Gasteizen egingo dira bihar eguerdian antolatuta dagoen manifestaldian. 12:00etan hasiko da Legebiltzarretik eta Lakuan amaituko da; Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Greba egitearen arrazoi nagusiak dira, besteak beste: hezkuntza publikoan inbertsioak handitzea, gelako ikasle kopurua murriztea, hezkuntzako behar berezietarako baliabideak handitzea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea.