“Lan egitera etorri gara hona, ez bertakoei kalte edo lapurreta egitera”

Baleike 2018ko mar. 13a, 08:05

Marina eta Fernanda ama-alabak dira. Duela 10 urte etorri zen lehenengoa Nikaraguatik Donostiara. Atzean utzi zituen hiru seme-alaba, eta horiek aurrera ateratzeko helburuarekin bidaiatu zuen hona. 2015ean, 18 urteko alaba etorri zitzaion bisitaldi bat egitera Euskal Herrira hilabetez. Egun horietan gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten amari. “Ama ezin nuen hemen bakarrik utzi, eta familia aurrera aterako banuen, bertan gelditu eta lanean hasi beste erremediorik ez nuen izan”, kontatu du Fernandak. Batasunaren, elkartasunaren eta fedearen historia da honako hau.

(Erreportaje hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Asteazken arratsaldero ikusten dute elkar ama-alaba irribarretsu hauek (erabili ditugun izenak fikziozkoak dira hauen identitateak babeste aldera). Aurten hiru urte beteko dituen zorigaiztoko diagnostikoaren ondoren, eta errekuperazioa gogorra izan bada ere, ostadarraren koloreekin ikusten dute bizitza orain. Oraina ona dutela aipatzen dute, baina ziur daude etorkizuna hobea izango dela.

Marina 2008ko azaroaren 17an atera zen Nikaraguatik, eta bi egun beranduago iritsi zen Loiuko aireportura. “Zer utzi nuen? Nire hiru seme-alabak. Horiengatik hartu nuen hona etortzeko erabakia”, kontatu du. Seme zaharrena unibertsitatean hasi zen ikasten, eta bigarrena ere hurrengo ikasturtean hasiko zen. Gazteena, Fernanda, Lehen Hezkuntzan zegoela utzi zuen. “Etxeko egoera ekonomikoa ez zen ona, eta diru asko behar nuen seme-alaben ikasketak ordaintzeko. Nire umeei etorkizuna bermatzeko, pentsatu nuen onena zela beste herrialde batera lan egitera joatea. Nire erabakiaren berri eman, eta segituan ulertu zuten. Animoak eta guzti eman zizkidaten. Erdiko semea gelditu zen neskatoaren arduradun. Seme zaharrena unibertsitatean zegoen, internatuan, eta ez nuen agurtzeko aukerarik izan”, gogoratu du.

Nikaraguatik Mexikora, handik Parisera, eta azkenean Bilbora. Horrela izan zen bi eguneko bidaia bukaezina. Azaroaren 19an iritsi zen Loiuko aireportura 22:30ak aldera. Nora jo ez zekiela, abentura honen hasieran lagundu zion pertsona ezagutu zuen. “Mateo izena zuen taxista bat ezagutu nuen. Egia esan, ondo hasi nuen abentura. Ea nora joan behar nuen galdetu zidan. Nik ez nekiela erantzun nion. Nire hegazkin berean zetorren koinataren zain zegoen, eta Donostiara eraman behar zuen. Igotzeko gonbita egin zidan”, aipatu du.

Gauerdian iritsi ziren, eta ez daki zergatik, baina Donostiatik Lasarte-Oriara eraman zuen taxistak. Han lokutorio bat aurkitu zuten zabalik. Taxistak bertako emakumeari galdetu zion ea gaua pasatzeko gelarik edo etxerik ezagutzen zuen. Hark bikote baten kontaktua eman, eta horien etxean pasa zituen lehendabiziko 9 egunak Marinak. Pixka bat beranduago, lehendabiziko lana topatu zuen Donostiako familia aberats bateko amona zaintzen. “Familia atsegin batean hasi nintzen lanean, emakumea oso abegikorra zen nirekin, baita familiartekoak ere. Hasieratik interna sartu nintzen, horrela alokairurik ordaindu beharrik ere ez nuen. Larunbat eta igande arratsaldeetan izaten nuen jai, hori da tipikoena”.

Urte eta erdi emakume hori zaintzen egon ondoren, hil egin zen eta beste familia batera joan zen. Horiekin ere oso gustura egon zen, eta hura ere hil ondoren, beste batera joan zen. “Donostian hiru familiatan egon nintzen. Azkenean, nahiko azkar hil ziren zaintzen nituen pertsonak, eta, beraz, lantokiz aldatzea tokatu zitzaidan. Nahiko familia aberatsak ziren guztiak, eta elkarren zirkuluan gomendatzen ninduten. Beraz, zorionez, ez nuen inoiz lan faltarik izan. Donostiako etapa amaituta, Azpeitira joan nintzen, eta handik Zumaiara”.

Immigrazioko departamentuarekin arazoa

Atzerritik etortzen diren pertsonek, normalean, hiru urtez egon behar izaten dute legez kanpo erresidentziako papera lortu arte. Halaxe egon zen Marina ere lehen hiru urteetan. Behin, artean papera lortu gabe zuela, immigrazioko poliziek Amaran (Donostian) zegoen autobus geltokian geldiarazi zuten. Bi urte eta erdi zeramatzan hemen bizitzen eta dokumentazioa eskatu zioten. “Ez nuen pasaporterik ere soinean, autobuseko txartela bakarrik. Polizi etxera eraman ninduten, eta bertan paper bat sinatzeko eskatu zidaten. Nik ezetz esan nien. Orduan, gutun bat emango zidatela aipatu zidaten. Urduri jartzen saiatu ziren, baina ni emakume lasaia naiz eta ez nintzen beldurtu. Herrialde honetara lan egitera etorri nintzela esan nien, ez inori kalterik edo lapurretan egitera. Beraz, edukazio handiagoarekin tratatzeko esan nien”, gogoratu du. Ofizioko abokatua jarri eta 1.001 euroko isuna ordaintzera behartu zuten. “Egoera txarretan ere, zerbait positiboa atera dut, eta jarri zidaten abokatua oraindik ere nire lagun mina da. Epaitegietara joan ginen isuna ez ordaintzeko, eta hilabeteetako borrokaren ondoren, ezerezean gelditzea lortu genuen. Nire ustez, dokumentazio gabeko pertsonekin negozio bat du immigrazio departamentuak. Dirua jasotzea da horien azken helburua, eta nik ez nien plazer hori eman nahi”, azpimarratu du. 

Handik hilabete gutxira lortu zituen erresidentzia eta lan egiteko baimena. Horretarako, lan kontratua eta erroldatze agiria behar dira. Hasieran urtebeterako eman zioten, eta ordutik urtero berritu du. Maiatzean, gaur egun duena iraungiko zaio eta berritutakoan bost urtetarako jasoko du. “Burokraziatik pixka bat deskantsatuko dut, beraz. Baina, egia esan, paperak eguneratuta izateak ez du gure egoera asko aldatzen. Lan egoerari erreparatuz, kasu askotan ez da abantaila. Orokorrean, lan bat eskatzera joaten garenean ez dizkigute eskubideak asko errespetatzen, erresidentzia izan edo ez. Ezagutzen ditugun neska askori, paperak ongi izanda ere, ez dizkiete jaiegunak ere errespetatzen. Horretaz gain, soldatak ere ez dira oso handiak izaten. Badira langileen eskubideak errespetatzen dituztenak, noski. Baina pertsonak etxean zaintzeko lanbidearen kasuan, dagoena hartu edo utzi egin behar izaten duzu. Ez dago besterik askotan. Guztion artean batasuna eta elkartasuna behar da gauzak aldatzeko; bestela, zaila da”, nabarmendu du.

Alabaren bisita zazpi urteren ondoren

2015ean, Zumaian lan egiten ari zela, osasun arazo larri bat izan zuen Marinak. Urte hartako ekainaren 10ean alaba etorri zen Zumaiara, 18 urterekin. Unibertsitatean jaiegunak zituela aprobetxatuz, hilabetez, oporrak pasatzera etorri zen hona. “Zazpi urte neramatzan ama ikusi gabe, eta hona etortzeko aukera eman zidan”, kontatu du Fernandak. Etorri eta hamabost egunera, ondoezik sentitu zen ama, eta konbultsio bat izan zuen. Larrialdiek ospitalera eraman zuten eta buruan tumore bat zuela diagnostikatu zioten. Ebakuntza eta ondorengo errekuperazioa gogorra izango zela esan zioten medikuek. Alabak ez zuen zalantzarik izan: “Gaixotu zenean, lanetik atera zuten ama, eta, noski, norbaitek egin behar lana. Amak etxera bueltatzeko esaten zidan, ikasten jarraitzeko. Baina nik argi nuen lehendabizi ama zela, eta geroago ere denbora izango nuela ikasteko. Ezin nuen horrela utzi, gaixorik eta bakarrik”, gogoratu du. Hala, 26 egun egon zen Marina ospitalean. “Dena gainbehera etorri zitzaidan; lana, osasuna… autoestimua izan ezik. Beti pentsatzen nuen hiru seme-alaba nituela eta horiengatik bizitzen jarraitu behar nuela. Gu oso erlijiosoak gara eta Jainkoari eskatu nion gaixotasunari aurre egiteko indarra emateko. Urruti gaude gure herrialdetik eta familiarengandik; beraz, ez dagoen tokitik ere indarra ateratzen dugu. Borrokatu egin behar duzu”, aipatu du amak.

Fernandak, amaren ezagun batzuen bitartez, Zumaian pertsona bat orduka zaintzeko lana aurkitu zuen. Horrela, egunez pertsona hori zaindu, eta gauetan amaren ondora joaten zen gaua pasatzera. “Amaren ezagunen etxean dutxatzen nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen aprobetxatua izatea. Lagun horiek janaria ere uzten zidaten ospitalean. Gero, soldata irabazten hasi nintzenean, nik neuk erosten nuen”, esan du Fernandak.

Ospitaletik irten ondoren, Tolosara joan ziren bizitzera. Etxerik gabe, lagun batek hartu zituen. Hala, egunero-egunero, Fernanda Tolosatik Zumaiaraino etortzen zen zaintzen zuen pertsonarengana. “Horrela ibili nintzen 6 hilabetez. Ama etxean geratzen zen sendatzen. Bi urtez egon zen lanik egin gabe. Baina merezi zuen deskantsua horrenbeste urteren ondoren. Gainera, medikuak ez zion lan egiten utzi, ezta nik ere. Gure lanak esfortzua eta indarra eskatzen ditu eta ezin zuen horrelako lantegirik hartu”, esan du. Ondoren, orain lan egiten duen lanpostua atera zitzaion. “Senar-emazte batzuk zaintzea, interna. Beraz, gehiago irabaziko nuen eta bertan bizitzeko aukera izango nuen. Amari lan hori hartuko nuela esan nion, eta, beno, oraindik bertan jarraitzen dut 2 urte pasatxo”.

Ametsak bertan behera

Neska gazte sartu zen Fernanda etxe batean interna. Lanaren nondik norakoak ere ez zituen ezagutzen, nahiz eta aurrez pertsona bat zaintzen aritu orduka. “Nik ez nuen ideiarik zer zen pertsona bat zaintzea. Beharrizanak egiten dio norbaiti ikastea, eta lan honi esker nire herrialdera dirua bidaltzeko aukera izan nuen”. Instant batean aldatu zitzaion bizitza, baina konforme da tokatu zaion bizimoduarekin, eta, gainera, eskerrak ematen du lana azkar topatu zuelako. “Unibertsitatean nengoen, edozein gazte bezala ametsak nituen, baina hau aukeratzea tokatu zitzaidan. Amarekin hilabete pasatzeko eta beste herrialde bat ezagutzeko ilusioarekin etorri nintzen, eta begira azkenean. Baina oso gustura bizi naiz hemen, eta oso ongi tratatzen nauen familia batean nago. Herrira ere ohitu naiz. Hau oso polita da, eta atsegin dut Zumaia”, azpimarratu du.

Urte guztian egiten du lan, eta egunero, eguerdi partean, izaten ditu ordu batzuk libre. Horretaz gain, noizean behin, familiartekoren bat etortzen denean jai izaten du. Senar-emazteak zaintzeaz gain, beste lan batzuez ere arduratzen da, besteak beste, otorduak prestatzeaz, plantxa egiteaz, etxea garbitzeaz eta enkarguak egiteaz. “Hemengo janaria prestatzen ikasi dut, amak erakutsi dit. Eta, beno, nik ere hemengoa jaten dut”, kontatu du irribarretsu. 

Neska independentea da eta bere kasa ibiltzea gustatzen zaio. Bere herrialdeko hainbat emakume daude Zumaian, eta guztiak agurtzen ditu, baina ez zaio gustatzen harreman sendoak egitea. “Lagunik gabe irtetea gustatzen zait, ez dut jendearen beharrik. Kafetegi batera joan eta liburu bat irakurri, musika entzun, eguraldi ona egiten badu paseatu… Horixe da nire bizitza. Konformista naiz, eta ez naiz kexatzen dudan bizimoduarekin, baina astebururen batean gustatuko litzaidake zinemara joatea, adibidez. Niretzat eta nire gustuko gauzak egiteko denbora izatea”. 

Aurten lortuko ditu erresidentziako paperak, eta egoera hobetzeko esperantza dauka. “Momentu honetan nire egoera ez da ona, ez ditudalako baldintzak betetzen, baina laster paperak lortzea espero dut. Ea hori egin ondoren lanez aldatzeko eta ikasten hasteko aukera dudan. Nik ez dut nahi nire bizitza besteak zaintzen pasa”, esan du. 

Etorkizun koloretsua

Lanbide honen gogorrena errutina dela aipatu du Fernandak. “Lan gogorra da, bai fisikoki, bai mentalki. Desesperatzen zara, baina arnasa hartu eta aurrera egiten duzu. Azkenean, askotan, gaixo dauden pertsonak zaindu behar dira eta pazientzia izatea ezinbestekoa da”. Gizartearen ikuspegitik ez dira baloratuak sentitzen. “Ez gaituzte oso garrantzizko edo beharrezko ikusten. Kasu batzuetan, arrazismoa ere badago, gainera. Nik ez dut familiarekin arazorik izan, baina kalean ikusi izan ditut begirada txarrak eta keinu itsusiak. Eta nire amak dioen bezala, zintzo lan egiten dut, eta inori lanposturik kendu gabe”.

Gaur egun, Donostiako taberna batean egiten du lan Marinak. Bi urtez errekuperazio eta sendatze prozesuan egon ostean, Donostiara etorri zenean zaindu zuen lehen emakumearen lagun batek deitu zion. “Buruz eta gorputzez oso ondo dago emakume hori, baina ez du ez senarrik, ezta seme-alabarik ere, eta bakarrik sentitzen da. Urteetan mantendu dugu laguntasuna, eta, gauetan, etxean bakarrik ez egoteko, konpainia behar zuela esan zidan”, adierazi du Marinak. Hala, emakume horrekin bizi da, eta bitartean, egunean zehar, Antigua auzoan dagoen taberna batean egiten du lan. “Tabernako lana ere berak aurkitu zidan. Iazko uztailetik ari naiz han eta oso gustura nago. Egia esan, lan hau ere gogorra da, baina nahiago dut”.

Asteazkenetan izaten du taberna horrek asteko deskantsua, eta egun hori aprobetxatzen du Marinak autobusa hartu eta alabarengana Zumaiara etortzeko. “Une txarrak izan ditugu, bai han, baita hemen ere. Baina gure arteko batasunak eta elkartasunak aurrera irteten lagundu digu”, azpimarratu du Marinak. Etorkizun argitsu eta koloretsua aurreikusten du Fernandak. “Nahi izatea ahal izatea da eta lortuko dugu. Esperantza daukat ikasteko eta etorkizun hobea eraikitzeko. Laneko familiari kariñoa diot eta eskertzen diet lana eman izana, baina ez dut bizimodu honekin gelditu nahi. Nire ametsak betetzeko ilusioa dut, eta saiatu bizitzeko beste modu bat bilatzen”.