Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bideoklipa grabatu dute Erribera kaleko horma aurrean

Baleike 2018ko mar. 12a, 13:59

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek beraien bideoklip berria grabatu dute Zumaian, non eta Euskal Herri mailan famatuenetakoa izango den horman. Kalea Guztiona Da (KGD) mugimenduarekin elkarlanean grabatu dute bideoklipa. 

Mugimendu galanta izan da goizean zehar Erribera kalean. Pailazoak, haien taldekideak, KGDko kideak eta haur eta heldu talde polita inguratu da horma parera. "40tik gora lagun bildu gara denera", adierazi digu KGDko kide batek. 

Horma horretan 60tik gora mural margotu dituen mugimenduko kideak jarri ziren harremanetan pailazoekin. "Porrotxekin hitz egin genuen. Hark kontzertuak ematen ditu eta geurera etortzeko gonbitea luzatu genion. Haien erantzunak zur eta lur utzi zituen zumaiarrak. "Esan ziguten beraien azken diskoan Kalea denona da izeneko kantu bat dagoela eta hona etorriko zirela bideoklipa grabatzera". Esan eta egin. KGDko kideek beste mural bat margotu dute eta haren aurrean aritu dira pailazoak dantzan eta jolasean.