Astelehenero bezala elkarretaratzea egin dute dozenaka pentsionistek

Baleike 2018ko mar. 12a, 13:07

Larunbatean, Espainia mailako mobilizazioa egingo da hiriburuetan. Donostian, 18:00etan aterako da manifestazioa Alderdi Ederretik. Bertaratzeko deialdia egin dute Zumaiako pentsionistek.

Pentsiodunen protestek ez dute etenik, eta azkenaldian moduan, gaur ere elkarretaratzea egiteko bildu dira  hainbat herritar udaletxe aurrean. Pentsio duinen aldeko borroka honetan, geroz eta jende gehiago hurbiltzen ari da asteleheneroko protestara.

Otsailaren 23an egin zen bezala, larunbatean, martxoaren 17an, Estatu mailako mobilizazioa dago antolatuta. Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburuetan ere ekitaldiak izango dira. Donostiaren kasuan, 18:00etan, Alderdi Ederretik hasita, manifestazioa egingo da. Zumaiako pentsionistek bertaratzeko gonbidapena luzatu dute gaur. "Gazteek ere parte hartuko dute, beraz, ahal duena joan dadila. Bestela, datorren astelehenean berriro ere elkar ikusiko dugu", aipatu dute.