Mila zumaiar ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko

Baleike 2018ko mar. 10a, 12:42

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko nahi ditu Gure Esku Dagok ekainaren 10erako deitu duen giza katearekin. Katea Zumaiatik pasako da, eta kalkulatu dute mila zumaiar beharko direla Orroaga eta Narrondo arteko zatia lotzeko, beste hainbat lekutatik etorritako jendearekin batera. 

Bost urte beteko ditu ekainean Gure Esku Dagok. Herritar mugimenduak hainbat urrats garrantzitsu egin ditu urte hauetan erabakitzeko eskubidearen alde. 2014an, Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate batekin, eta ekimen hartan 500 zumaiarrek hartu zuten parte, Ezkio-Itsason egokitutako 47. kilometroa lotuz. 2015ean, milaka oihal josi zituzten saretzea irudikatzeko; eta Anoetako estadioan postontzi erraldoia atera zuten plazara, herri kontsulten iragarle. Zumaian, 2016an Ontziratu taldea sortu zen herri kontsulta prestatzeko, eta 2017an zumaiarrek aukera izan zuten botoa emateko.

Eta 2018an zer?

Erabakitzeko eskubidearen defentsa etenik gabeko lana da, eta Gure Esku Dagoren gurpila ez da gelditu. Hiru ardatz zehaztu dituzte 2018rako: Bat, herri kontsultekin jarraitzea (Donostian ekainean egingo da, esate baterako); bi, Herritarren Ituna osatzea, herritarrek erabakitzeko eskubidearen alde emandako 2019 arrazoirekin; eta hiru, giza kate bat osatzea ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena.

Zumaiako Gure Esku Dago taldea gaur goizean bildu da, ekimen hauen berri eman eta prestatzen hasteko. Giza kateari dagokionez, aurten herritik bertatik pasako da eta horrek antolaketa lanak erraztuko ditu. Orroaga eta Narrondo arteko zatia osatzeko, mila zumaiar beharko direla kalkulatu dute, beste hainbat lekutatik etorritako jendearekin batera. Ekimenean nola parte hartu eta izena emateko bideak aurrerago jakinaraziko dituzte.

Bestetik, maiatza bitartean, Euskal Herri mailako Herritarren Ituna osatzea da helburua. Dokumentu horretan jaso nahi dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi, herritarrek emandakoak. Bilketa lan hori egiteko hainbat bide eskainiko zaizkie zumaiarrei.