Martxoak 8

Hezkidetzan eta berdintasunean bizitzeko Zumaia eraikiz

Baleike 2018ko mar. 2a, 14:46

Martxoaren 8aren harira, eta egun horretan izango den egitaraua aurkezteko asmoz, udaletxeko pleno aretoan elkartu dira Udaleko berdintasun saileko zinegotzi eta teknikaria, Afrikar elkarteko ordezkaria, Berdintasun Foroko kidea, ikastetxeetako ikasle zein arduradunak eta Berritzeguneko ordezkaria. Elkarlanean osaturiko egitaraua aurkezteaz gain, berdintasunean eta hezkidetzan bizitzeko pausoak emateko beharra azpimarratu dute. Bide batez, datorren ostegunean egingo diren ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da datorren ostegunean, martxoaren 8an. Hori horrela, duela hiru urtetik hona, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko Udalek herriko ikastetxeekin eta agenteekin lanean, Hezkidetzako foroa dute martxan. Lankidetza horretatik, herri bakoitzerako egitaraua osatu da.

Goizean egin den prentsaurrekoan, Cristina Vicente berdintasun saileko zinegotziak hartu du lehendabizi hitza. “Egitarau hau guztion arteko elkarlanaren bidez osatu da. Azpimarratu nahiko nuke ikastetxeetan eta hezkidetza foroan egiten den barne lana gai honen inguruan, eta ez soilik martxoaren 8aren bueltan. Bide batez, Zumaiako Berdintasun foroari ere eskerrak eman nahi dizkiot burutzen duen lanagatik, eta nola ez, emakume gehiagori parte hartzera gonbidatu”, aipatu du. Vicenteren esanetan, ekimen honen helburua gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea da bai gizarte osoan eta baita Zumaian ere. “Udalak ere gai honen inguruan konpromezu sendoa dauka”.

Egitarauari dagokionez, martxoaren 8an, goizeko 10:00etan, ikastetxeek jende katea osatuko dute Eusebio Gurrutxaga plazan hasita. Eskualdeko Hezkidetza foroa osatzen duten herri guztietan egingo da ekimen hau. Arratsaldean, 19:30ean, Berdintasun foroak deituta, eta Udalarekin batera, elkarretaratzea egingo da Saregile plazan. Ondoren, 22:00etan, zine forum saioa egongo da. Egun horretan Lone Scherfig zuzendariaren Su mejor historia pelikula emango da.

Martxoaren 9an, Hysteria antzezlana izango da Aita Marin, 22:00etan, eta martxoaren 11ean, Emakumeen eguneko afrikar festa ospatuko da Beheko plazan, 12:00etatik aurrera.

Amaitzeko, martxoaren 13an eta 22an, bi mahai inguru izango dira. Lehenengoan zaintza lanak hartuko dira ardatz, eta horretarako bi aditu bertaratuko dira. Horrez gain, Malen Etxeak Transformar la realidad: derechos iguales para todas txostenaren aurkezpena egingo du. Mahai inguru hau Oxforden egingo da, 18:30ean. Azkenik, martxoaren 22ko beste mahai inguruak Zumaiako Emakumeen Etxea eraikitzeko gaia hartuko du oinarri. Hala, Donostia, Hernani eta Azpeitiko Emakumeen etxeetako ordezkariak etorriko dira beraien esperientzia kontatzera. Bilera hau Brankan izango da, 18:00etan.

“Udaletik, Martxoaren 8ko bandera moreak etxeetan jartzeko gonbita luzatzen diegu herritarrei. Horretarako, banderak eskuragarri daude udaletxean bertan gaurtik aurrera”, kontatu du Karmele Gomez, berdintasun teknikariak.

Herriko eragileen parte hartzea

Martxoaren 11ean, igandean, Zumaiako Afrikar elkarteak afrikar festa ospatuko dute Beheko plazan. “Guk ere parte  hartu nahi dugu Emakumeen egunean, eta hala, datorren igandean afrikar festa antolatu dugu herri guztiarentzat. Horrela, beste herri batzuetako elkarteak etorriko dira eta 12:00etan hasita, 20:00ak arte izango da festa”, esan du Sirek, Zumaiako Afrikar elkarteko kideak.

Berdintasun foroko kidea da Ivone Robles, eta bere iritziz, “Euskal Herriko bilgune feministak antolatu duen greba deialdiarekin bat egitea beharrezkoa iruditzen zaigu. Gure eskubideen alde borrokatu behar dugu, izan ere, prekarietatea, arrazakeria, biolentzia eta ezberdintasuna jasaten ditugu. Horregatik, greban parte hartzea garrantzitsua da”.

Zumaiako ikastetxeek ere Martxoaren 8arekin bat egiten dute, eta eskoletan bertan gauzatzen ari diren lanketaz gain, Beheko plazan egingo den jende katean parte hartuko dute. “Jende kate ibiltaria izango da. Beheko plazan elkartu, eta gero moilan hasita, berriro ere Beheko plazan amaituko dugu. Berdintasunaren eta hezkidetzaren irizpideei jarraituz, indarra egin nahi dugu guztion artean eta irizpide horietan oinarrituko den herri bat eraiki”, kontatu du Maria eta Joseko arduradunak. “Jende katea amaitzean, oholtza bat egongo da jarrita Beheko plazan, eta eskoletako ikasleak igoko dira egun horretako esaldi edo manifestua adieraztera. Ondoren, bertso batzuk kantatuko ditugu guztion artean”, jarraitu du Herri Eskolako arduradunak.

Lehen aipatu bezala, kanpoko ekintza honetaz gain, eskolak barne lanketa bat egiten ari dira. Oikiako eskolako zuzendariak kontatu duenez, “ikastetxe bakoitzak curriculumera lotutako ekintzak egingo ditu: bideoak ikusi, eztabaidak sortu, elkarrizketak egin… Giza eskubideen eta berdintasunaren inguruko lanketa egiten gaude, eta ikasleek kolore morezko kartulinak egin dituzte. Hauek herriko taberna eta dendetan banatuko dira”.

Soldadura eskolako arduradunak hezkidetzan jarri du puntua. Hain zuzen, eskualdeko hezkidetza foroa sortu zenean, 2015ean, honaino iristeko ibilbidea azpimarratu du. “Ikastetxe hezkidetzaileak izan nahi dugu, eta horregatik, guztiok elkarturik dihardugu lan horretan. 2015an konpromisoa hartu genuen berdintasunean eta hezkidetzan jartzeko gure oinarriak, eta horrela jarraituko dugu”.

Azkenik, Berritzeguneko arduradunak ere, oinarri horri eman dio garrantzia eta balioa. “Berdintasuna eta parekidetasuna lortzea ametsa da, eta horretan lan egiten bada, ez da amets hori apurtuko. Gainera, amets hori guztiontzako izango da ona. Beraz, zorionak ematea besterik ez zait geratzen hezkidetza foroari urte hauetan egin duen lanagatik”.

Berdintasun taldeak ikastetxeetan

Zumaiako institutuko ikasleek, institutuan bertan duten hezkidetzan oinarritutako taldea dago. Hauen iritziz, gizartean armonian bizitzeko, elkar errespetatzea eta elkar aintzat hartzea beharrezkoa da.  Ikasleetako batek, emakumeen egoeran jarri du jomuga. “Emakumeek eskubide gutxi ditugu, baina, aldiz, betebehar asko, eta institutuko talde feministako eta herriko talde feministako kide bezala adierazi nahi dut nazkatuta gaudela desberdintasunak jasateaz. Horregatik, martxoaren 8an greba egin behar dugu, eta egun horretan, gizonezkoek emakumeek betetzen dituzten lanak egin”.

Maria eta Jose ikastetxean ere talde feminista sortu dute, eta ekintza batzuk antolatzen ari dira ikasleen artean ikuspuntua aldatzeko. “Atzo, esaterako, tutoretza orduan gaiaren inguruko lanketa bat egin genuen. Gainera, txoko morea ere badugu eta ikasleek beraien aportazioak egin ditzakete”.