Metalezko instrumentuen topagunea izango da Zumaia aurten ere

Baleike 2018ko mar. 2a, 07:55

ZUMBrass topaketak martxoaren 16tik 17ra bitartean egingo dira eta nazioarte mailako irakasleak inguratuko dira Zumaiara. Ikasleentzako izen ematea jada zabalik dago.

Euskal Herriko eta estatuko beste zenbait erkidegotako ikasleak bilduko dira martxoaren 16tik 18rako asteburuan Zumaian. Hiru egun horietan, metalezko instrumentuen topagunea izango da herria, Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB), Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatutako ZUMBrass tokapetari esker.

Bi urtean behin antolatutako jardunaldi honek bere bigarren ekitaldia beteko du aurten. Maila goreneko kontzertista eta bakarlari etorriko dira aurten ere ikastaroak ematera eta kontzertuetan parte hartzera.

Aurrez ere egin izan dira metal topaketak Zumaian, baina, antolatzaileek Ubillos jauregian egindako aurkezpenean adierazi dutenez, esperientziak ez zituen «erabat asebete». Orain bi urte beste topaketa mota bat egiteko proposamena aurkeztu zuten Musika Eskolak, Bandak eta honen zuzendari izandako Luis Orduña musikariak. «Apustu garrantzitsua» izan zen hura, nabarmendu dute.

Apustua ondo atera zela ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Hala, orain bi urte egin bezala, maila goreneko irakasleak izango dira herrian: Zuricheko Arteen Unibertsitateko irakasle den Fritz Damrow tronpeta jolea, Deutsche Oper Berlineko tronboi nagusi den Jamie Williams estatubatuarra, Bartzelonako Orkestrako tuba jole den Pablo M. Fernandez, eta Gasteizko Musika Bandako tuba bakarlaria den Luis Orduna. Azken hau ensembleaz arduratuko da.

“Euskal Herriko maila handiko ikasleei aukera bat eman nahi genion. Halako topaketarik ez da hemen egiten eta askotan kanpora joan behar izaten dute”, adierazi du Orduñak. 

Izen-ematea zabalik dago dagoeneko lau eskaintzetarako. “Beno, tronpetakoa dagoeneko itxaron zerrendan dago”, esan du Joxe Mari Azkue Bandako zuzendariak. Izen ematearen informazioa Udaleko www.zumaia.eus webgunean dago.

“Oso irakasle irekiak dira. Askok pentsatuko dute kontserbatorioko ikasleekin edo musikari profesionalekin bakarrik arituko direla, baina musika eskoletako ikasleekin ere berdin-berdin aritzen dira”, azaldu zuen Joxe Mari Azkuek. Aurten ere musika eskoletako ikasleei zuzendutako egun bat izango da, larunbata.

Kontzertuak ere izango dira asteburuan. Martxoaren 17an Ensembleen kontzertua egingo da Alondegian, eta martxoaren 18an, komentuan, amaiera kontzertua Bandarekin eta irakasleekin. Irakasle guztiak arituko dira emanaldi honetan solista bezala.