Martxoak 8

Kaleak astinduko ditu Zumaiako mugimendu feministak asteburuan

Baleike 2018ko mar. 1a, 17:04

Zumaiako mugimendu feministak Martxoaren 8ko Emakumeok planto greba deialdiarekin bat eginik, egitarau zabala antolatu du datorren ostegunerako. Hala ere, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa areagotzeko, kaleak astinduko dituzte astebururako antolatu dituzten ekitaldiekin.

Datorren ostegunean egingo da Euskal Herri osoan Emakumeok planto greba, eta Zumaiako mugimendu feministak, horren harira, ekitaldi batzuk antolatu ditu asteburura begira.

Hala nola, bihar, martxoaren 2an, Saregile plazan, informazio txokoa jarriko dute (11:00-13:00/17:00-20:00). "Zalantzak argitzeko, informatzeko eta ekarpenak egiteko aukera ere izango da", aipatu dute.

Larunbatean, informazio txokoa Alai auzategian jarriko da 11:00etatik aurrera, eta ondoren, ekimen ikusgarria izango da.

Igandean, zaintza lanak ikusarazteko eta lan esklabuarekin amaitzeko deia eginez, performancea izango da Saregile plazan 11:00etatik aurrera. Jarraian, irratsaioa egongo da, "nahi duen orok hitza hartu dezan", esan dute.

Amaitzeko, asteburuan zehar herriko komertzio eta tabernetatik pasako dira grebara nola batu daitezkeen proposatzeko.