Aparkalekuen ordenantzari behin-behineko onarpena eman dio plenoak

Baleike 2018ko ots. 28a, 18:28

Zumaiako osoko bilkurak behin-behineko onarpena eman zion atzo aparkalekuen ordenantzari. EAJ-PNVk eta PSE-EEk baiezkoa eman zioten proposamenari; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.

Aparkalekuen ordenantzaren zirriborroa otsailaren 19an erakutsi zuen Udal Gobernuak Alondegiko Oxford aretoan egindako bilera irekian. Zirriborro hura onartu zen atzoko plenoan, aldaketa txiki batekin. Hala, GKN ondoko triangelua eta Axular ibiltokiko ilara errotazio ertainekoa izatetik, errotazio handikoa izatera pasako da. Hau da, bertan aparkatzen dutenek egun osoz utzi ahal izango dituzte kotxeak bertan. “Aukera hori zabaltzeaz gain, herrigunea arindu nahi izan dugu neurri honekin”, azaldu zuen Oier Korta alkateak.  

Plenoan gehitu zuenez, Udal Gobernuak hiru hilabeteko ‘biñetarengatik’ oraindik zehaztu gabeko kopuru bat kobratzeko asmoa du. “Iaz ere hala egin nahi genuen, baina ez zen posible izan. Uste dugu Ardantzabidekoak ordaintzen duten bezala, herriko beste lekuetan ere ordaindu beharko litzatekeela. Zenbat? Bada, Ardantzabiden aurten 25 euro ordaintzen badituzte, kopuru hori hainbanatzea eta hiru hilabeterik dagokiona ordaintzea proposatuko genuke”. Neurri honekin garajeen jabeak kotxeak garaje horietan sartzea lortu daitekela uste du Gobernuak. “Hala, azalera handiagoa egongo litzateke besteentzat”.

Arritxu Marañon zinegotzi sozialistak bat egin zuen ideia horrekin. “Iaz guk defendatu genuen zero tasaren ideia, sistema pilotua zelako. Aurten sistema herri osora zabalduko da eta zerbait ordaindu beharko litzatekela uste dugu”.

EH Bilduren abstentzioa

Bozkatzerako orduan, EH Bilduk abstenitu egingo zela iragarri zuen. Josu Arrieta zinegotziak Udal Gobernua zoriondu zuen parte hartze prozesura merkatariak eta dendariak gonbidatzeagatik. EH Bilduk egindako proposamenetatik batzuk kanpoan utzi direla ere adierazi zuen Arrietak: “Errotazio handiko puntuetan Arroako, Itziarko eta hurbileko beste leku batzuetako lagunei ez kobratzea eskatu genuen”, aipatu zuen. “Errotazio ertaineko guneetan herritarrek doan izango dute. Gure ustez, hori mugikortasun osasuntsuaren justu kontra doa. Herriko gune batetik bestera kotxez joatea ekidin beharko genuke eta gune horietan doan aparkatzeak ez du hori laguntzen”.

Errotazio ertaineko guneak aurten doan izatearen aldekoa agertu zen Korta. “Herrian aldaketa handia egin da eta pixkanaka joan behar dugula uste dut”.

Espazio horiek aurten doan izatea ondo ikusi zuen Marañonek. Baina, bere ustetan, datorren urtetik aurrera itxi beharko lirateke.

Ordenantzak EAJ-PNVren zazpi botoekin onartu ziren; EH Bildu abstenitu egin zen.

Plenoan onartutako proposamenen artean, taxien tarifa berriak izan ziren. Gipuzkoako taxi elkarteak proposatu zuen bezala, %1,6an igoko dira.