Jadarreko bizilagun batzuk kexu dira edukiontzi berrien kokapenagatik

Baleike 2018ko ots. 26a, 13:42

Hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik Jadarreko zenbait bizilagunek zabor poltsak lurrera botatzen dituztela. “Protesta egiteko modu bat da”, adierazi du bertako bizilagun batek.

Zabor bilketa sistema berriak, edukiontzien kokapen berria ekarri du leku batzuetan. Horietako bat da Jadarre auzoko goiko aldea. Lehen, auzo horretako bizilagunek, etxetik gertu zeukaten errefusaren edukiontzia, baina orain, sistema berria dela eta, aldaketak izan dira kokapenean.

“Edukiontziak, auzoaren beheko aldean ditugu, eta horietako batzuk, errepide ondoan daude jarrita. Ez da batere egokia, izan ere, espaloirik ere ez dugu horra jaisteko eta umeekin oso arriskutsua da”, adierazi digu auzotar batek.

Horren aurrean, eta protesta gisa, edukiontzi zaharrak zituzten lekuan hasi dira uzten zabor poltsak. “44 etxebizitza daude hemen goikaldean, eta edukiontziak lehen zeuden tokian ongi zeuden. Orain behean ditugu eta ez da batere erosoa. Bi igogailu hartu behar dira jaisteko, edo bestela errepidetik jaitsi behar zara arriskua hartuz”, gaineratu du beste bizilagun batek.

Gainera, edukiontzi kopurua nahikoa ez dela ere argudiatu dute. “Beheko edukiontzi horiek gainezka egoten dira. Nire iritziz bizi garen bizilagun kopururako ez dira nahikoak”.

Katuak eta arratoiak

Bada hilabete inguru protesta hasi zela. “Justu edukiontziak kendu zizkigutenean”, adierazi dute. Hasiera batean, zabor biltzaileak jaso egiten omen zituzten bizilagunek utzitako poltsak, baina ostegunetik edo, ez da inor pasa. “Katuak eta arratoiak ere hasi dira dagoeneko hurbiltzen”, esan du bizilagun batek. 

Udaletxera eta Udal Elkartera ere bideratu dituzte kexak, baina oraingoz, ez dute berririk jaso. “Birziklatzea ongi dago, eta beharrezkoa da, baina horretarako baliabide egokiak eta erraztasunak eman behar dizkigute. Bestela jai dago”.

Auzotar hauen helburua, beraz, edukiontziak lehen zeuden tokian edo hor inguruan jartzea da. “Kamioiak ez du inolako trabarik hona etortzeko, lehen ere sartzen baitzen. Baina beno, ezin badira edukiontzi guztiak jarri, gutxienez garrantzitsuenak jartzea nahi dugu, hau da, organikoa eta ontzi arinena edo”, gaineratu du auzotarrak.