"Ahalik eta esku hartze txikiena" eginez egokitu nahi da San Telmo eta Algorriko ibilbidea

Baleike 2018ko ots. 23a, 11:39

Azken urteetan jendetza izugarria jaso du San Telmo eta Algorriko ibilbideak. Masifikaziora ere iritsi garen sentsazioa handia da. Horrek eragina izan du noski San Telmotik Algorrira doan bidean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak ibilbidea hobetzeko egokitzapenak egingo dituzte datozen hilabeteotan.

Zumaiako alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bi teknikari izan ziren atzo arratsaldean Oxforden egin zen bilera irekian. Bertan, Aldundiak eta Udalak Algorrirako ibilbidean burutu behar dituzten lanen berri eman zen.

2009an izendatu zen Zumaia eta Deba lotzen dituen itsasertza biotopo babestu, eta ordutik bisitak areagotu egin dira. Jon Zulaika Aldundiko teknikariaren iritziz, “azken urteetan aldaketa asko sumatu dira, batez ere, erabilpenean”, adierazi zuen.

Biotopo babestua izatea alde batetik, eta azken urteetako hainbat ikus-entzunetako eszenatokia bihurtzea bestetik, San Telmo eta Algorriko paisaiek herria munduan kokatu dute. “Masifikaziora ere heldu gara puntualki eta egun batzuetan; eta guri, erabilera horren ondorioak interesatzen zaizkigu, hau da, higadura prozesuak,  narriadurak, lurzoruaren okupazio gero eta zabalagoak eta naturaren galerak”, nabarmendu zuen.

Burutuko diren lanak

Foru Aldundiak zonaldea aztertu ondoren, hainbat arazo aurkitu ditu. “Lehen esan dudan moduan, bisitari kopurua asko igo da, gure kalkuluen arabera 100.000 pertsona inguru pasa dira, eta ibilbideak ez du azpiegiturarik hori guztia jasateko. Horrek bidexka berriak sortu ditu, higadura arazoak, segurtasun falta, eta zabor pilaketa”, gaineratu zuen.

Hala, administrazioen helburuak dira besteak beste: natura ingurumena kontserbazioarekin bateragarria den ikerketa eta aisialdi eremu gisa erabili, ibilbideen sare orokor bat sortu eta ibilgailu motordunik gabeko aisia sustatu, bidexka berriak itxi eta landaredi potentziala berreskuratu, kalitatezko esperientzia eskaini eta bisitarien segurtasuna bermatu.

Aldundiaren proposamena guztia “ahalik eta esku hartze txikienarekin” burutzea da. “Zerbait xumea eta eskuzkoa izatea nahi dugu, gehienez ere makinaria txiki bat sartuko da”.

Egokitzapen lanek San Telmo eta Algorriko ibilbideko hainbat zatitan zein exekuzio izango duten azaldu zuen Zulaika teknikariak. Adibidez, Itzurun gaineko behatokian, lur buztintsua garbitu eta bertako harriekin egindako nahasketa harritsuago bat egingo da. Horretaz gain, ubideak aterako dira, sokekin osatutako hesia jarriko da eta bertako landareri berria landatuz.

Beste aktuazio puntu garrantzitsua San Telmo ermitako jaitsiera izango da. Hain zuzen jaisten hasi orduko hainbat bidexka aurkitzen dira, eta Aldundiaren helburua bide bakarra lehenestea da, gainerakoak itxiz. Gainera, bertan dauen koska handiak saihesteko harria pikatu eta eskailera naturalak egingo dira.

K/T mugako behatokian plataforma

Algorriraino jarraitzen duen bidean, helburu nagusienetakoa bide hori zabaltzea izango da. Izan ere, tarte batzuk nahiko estuak dira, eta horretarako sastraka kentzea aurreikusten da. Bide batez, hesolak jarriko dira ibiltarien segurtasuna bermatzeko, bertako landareria landatuko da eta lur buztintsuak garbituko dira.

Algorri puntan berriz, interbentzio gogorragoa egingo dela aipatu zuen Zulaikak. Alde batetik, goiko bidean sortu diren bidexkak kendu egingo dira, eta segurtasuna bermatzeko hesolak jarriko dira berriro ere. Bide batez, muturrerako pasoa mugatu egingo da. “Lan hauek egiteaz gain, K/T mugako behatokian egurrezko plataforma bat jarriko da bertako landareriarekin batera. Gainera, puntatik Algorri bertara jaisteko bidea ere egokiena iruditzen zaiguna markatuko dugu. Orain bidexka asko daude, eta arriskutsua da”.

Beste egokitzapenak

Lan guzti hauek egin ondoren, Aldundiaren proposamena norabide bakarreko ibilbidea sustatzea izango da. Hau da, San Telmotik Algorriko muturrera goitik joan, eta nahiz eta bisitari gehienek bide beretik bueltatzeko ohitura duten, asmoa herrira Ardantzabidetik itzultzea izango da. “Egungo egoeran, ibilbideak 850 metro ditu, eta eskuhartzea egin ondoren, 420  metro izatea aurreikusten dugu”.

Horretaz gain, ibilbideko hainbat puntutan informazio eta sentsibilizazio panelak jarriko dira, hala nola, zaborrontziak eta baita komun publikoaren bat ere. Alkateak esan zuenez, azken bi elementu hauek beharrezkoak dira baina kokapena aztertzen ari dira. “Paisaian ongi integratuta egoteko”.

Herritarrek proiektuaren inguruan ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta horretarako 15 eguneko epea jarri da. Ekarpenak udaletxean egin beharko dira.

Amaitzeko, lanak udaberri aldean hasiko direla uste dute, beti ere eguraldiaren baldintzapean. Hala ere, udara baino lehen amaituta izatea aurreikusten dute.

Erlazionatuak