baleike.eus

Angolara eraman ziren kamisetentzako 452 euro bildu dira

Baleike 2018-02-22 21:13   Gizartea

Errege egunean etorri zen Zumaiara Joakin Aristi. Ia bi urte dira Angolara joan zela lanera, eta bertako auzo bat gorriz jazteko helburuarekin, diru bilketa kanpaina jarri zuen martxan Jexux Eizagirrerekin batera. Gaur egin da Zumaiako tabernetan jarri ziren 21 itxulapikoen diru-kontaketa, eta guztira, 452 euro lortu dira.

Bada hilabete Aristi Angolara bueltatu dela oporralditxoa etxean igarota. Zumaiako Telmo Deun elkarteko 50 kamiseta eraman zituen lan egiten duen enpresa ondoko auzotarrei banatzeko: 14 umeentzako eta 36 helduentzako.

Kamiseta hauek erosteko, hilabete iraun duen diru bilketa kanpaina jarri zuen abian Jexux Eizagirrerekin batera, eta hain zuzen, gaur egin da diru-kontaketa. Guztira, 307,90 euro gastatu ziren kamiseta horiek erosten, baina itxulapikoen zenbaketak positibo eman du. Izan ere, 452 euro bildu dira.

Diru kontaketa itsaskiroldegian egin da gaur arratsaldean, eta bertan izan dira elkarteko kide batzuk. Hauek jakitera eman dutenez, "soberan gelditu diren 144,10 euroekin Aristik erabakiko du zer egin. Gure partez, kolaboratu duen guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa