Bidasoa Inprimatzeko Zentroa-ko langileek bertan behera utzi dute greba

Baleike 2018ko ots. 22a, 16:38

Otsaila hasieratik hainbat eguneko lanuzteak egin dituzte Arroa Behean aurkitzen den errotatiba honetako langileek. Gaur, greba mugagabea hasteko asmoa zuten, baina negoziazioak bide onetik doaz, eta greba bertan behera utzi dute.

“Greba gelditu egin da, baina oraindik ez dugu akordioa itxi”, adierazi du Zigor Gazpio, Urola Kostako enpresa txikien arduradunak. “Gauzak oso aurreratuta daude, eta astelehenean gelditu gara guztia ixteko. Gure esperantza da orain arte  hitz egindakoa paper batean idatzita jartzen dugunean, guztiarekin amaitzea”, jarraitu du.

Enpresa eta langileen artean, hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Hala nola, langileen eskaerak hiru puntutan bereizi daitezke. Alde batetik, ekonomikoa. Hain zuzen, azken bost urtetan ez dute inongo soldata igoerarik izan. “Eskaera honetan lortu dugu akordioa dagoeneko: KPI+1eko, igoera”, kontatu du.

Bigarren eskaerari dagokionean, hau da lanera joateko derrigortasunaren inguruan, akordioa finkatzetik gertu aurkitzen dira. “Lehen, 24 orduko aurrerapenarekin lanera joatea derrigortuta zeuden. Akordioa erabat ixtea falta zaigu, baina baldintza hori gehienez urtean bi egunetan bakarrik aplikatzea nahi dugu. Handik aurrera, gutxienez 10 eguneko aurrerapenarekin jakitea nahi da”, nabarmendu du.

Azkeneko eskaera jai egunei dagokiena da. Errotatibako langileek urtean 225 lanegun dituzte, eta horiek 216 egunetan gelditzea da asmoa. “Kasu honetan, gai honen inguruko  lanketa bat egitearen konpromisoa hartu da. Enpresaren ustez, eskaera hau betetzea asko kostatzen da. Guretzat ez, baina beno, lan talde bat sortuko dugu posible den edo ez aztertzeko”, amaitu du.