Tunel ondoko luiziagatik egin behar diren lanek hiru hilabete iraungo dute

Baleike 2018ko ots. 22a, 14:18

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean eginiko kontseiluan, egonkortze lanak egiteko aurrekontua zehaztu zuen. Hala nola, obrek hiru hilabeteko iraupena izango dutela adierazi dute.

Santiagoko tunel ondoan gertatu zen luizia otsailaren hiruan, eta ordutik, errepidea itxita aurkitzen da bi noranzkoetan. Lanak egiten hasita daude, baina asteartean, Aldundiak egin zuen kontseiluan, egonkortze lan horien berri eman zuen.

Hala, lur-erauzketako ezponda egonkortzeko proiektua gauzatzeko, 538.748,85 euroko aurrekontua dute obrek, eta hiru hilabete irautea espero da. Aldunditik jakinarazi dutenez, obrak bi fase izango ditu, eta azken fasean sartu arte ez da errepidea zabalduko. Behin bigarren fasean sartutakoan, trafikoa semaforo baten bidez erregulatuko da, izan ere, errail bakarra egongo da irekita.

Lanaren ezaugarriak

Ezponda egonkortzeko eta epe luzera segurtasun faktore nahikoa lortzeko, gutxieneko euspen tentsio bat aplikatu behar da lur-erauzketaren azaleran. Esku hartze eremuak 2.840 m2-ko azalera hartzen du. Bertan, babes-sarea ezartzea aurreikusten da. Bestalde, 26,060 eta 26,095 KPen artean, egun dagoen euste-horma berregingo da.