Euskal kantugintzari balio erantsia emanaz

Baleike 2018ko ots. 21a, 22:38
Argazkia: Borja Guerrero

Euskal kantugintzari bultzada emateko asmoz, 1966an sortu zen Oskarbi musika taldea. Ez dok hamahiru taldean hasi ziren lehen urratsak ematen, eta ordutik, ia 52 urteko ibilbide oparoa egin dute. Mendira naiz hamaikagarren diskoa aurkeztu berri dute, eta ostiralean, 22:00etatik aurrera, Aita Marin emango duten kontzertuan ere kanta berriak entzuteko aukera izango da.

Laugarren aldiz etorriko da Zumaiara Oskarbi taldea. “Beharbada gehiagotan izan gara, baina nik ditudan erreferentzia eta datuen arabera, gutxienez hirutan egon gara”, kontatu du Jose Luis Treku taldeko ahotsak. Lehen aldiz 1968ko ekainaren 9an izan ziren. Herriko gazteriak antolatutako Zumaiako Lehen Aste Kulturala ospatu zen, eta hainbat talderekin batera, Oskarbi ere bertan izan zen. “Gurekin batera Ertizka zortzikotea, Argoitia neba-arrebak eta Maite Idirin izan ziren”, gogoratu du.

Geroztik, gutxienez beste bitan izan dira. Hala nola, 1969ko abuztuaren 22an, eta 1973ko abenduaren 30ean. “Ilusioa badugu bueltatzeko, jakina”, aitortu du.

Kontzertuak hiru zati nagusi izango ditu: Joxean Artzeri omenaldia, Oskarbiren betiko kantuen emanaldia, eta Mendira naiz diskoko kantuen aurkezpena. “Lehen zatian Artzeri omenaldia egiteko asmoa dugu. Horretarako, bere poesiarekin egindako bost pieza kantatuko ditugu, eta txalaparta saioak ere izango dira. Hau guztia Zumaiarako bereziki prestatu dugu, eta Lara eta Gema txalapartariak gonbidatu bereziak izango dira”, nabarmendu du.

Kontzertuaren bigarren zatian, Oskarbiren betiko kantuen emanaldia egingo da, eta azkenerako, hamaikagarren diskoa den Mendira naiz-eko abesti batzuk aurkeztuko dituzte.

Guztira, 12 musikari igoko dira oholtzara, “sekula baino gehiago”. Taldearen historian zazpi izan ziren hasieran, urteen poderioz, taldekide gutxiago izatera ere pasa ziren, eta gaur egun 10 izan ohi dira. “Zumaiako kasuan kontzertu berezia izango denez, 12 izango gara”, esan du.

Herri kantutegia aberastu

Jose Luis Treku, Iñaki eta Maiterekin batera, taldearen sorreratik dagoen bakarrenetarikoa da. Ondoren, 1976-77 urte inguruetan sartu ziren beste lau musikari daude, eta baita, azken urteetan hasi diren hiru gazte. “Beteranoak, tartekoak eta gazteak gaude, eta horrek bizitza ematen digu. Ni behintzat oso gustura nago jende berriarekin”, aitortu du.

Trekuren ustez, beraiek bezalako talderik ez dago. “Sorkuntza berezia daukagu. Guk egiten ditugun konposaketak inprobisazioaren bitartez dira. Lan egiteko modu ezberdina daukagu, eta sormena entseguetan lantzen dugu. Adibidez, norbaitek melodia bat aurkezten du, eta hori joaten gara aldatzen, ahotsa ipintzen, instrumentuak sartzen...”.

Sortu zenetik Oskarbi taldearen helburua izan da herri  kantuak jaso, egokitu eta kantatzea. Horretaz gain, poesia eta musika berriekin kantuak sortzea ere beraien lanketaren parte izan da. Hain zuzen azken diskoak ere ezaugarri horiek betetzen ditu. “Azken honetan Oteiza eta Gandiagaren letrak ere sartu dira. Oteizaren eragina hasieratik izan dugu, harreman berezia izan genuen berarekin eta Gandiaga ere bere bitartez ezagutu genuen”, jarraitu du.

Frankismo garai bete-betean jaio zen taldea, eta orduko egoera eta gaurkoak zerikusirik ez duela adierazi du Trekuk. “Garai hartan kantaldi guztietan zentsura zegoen, eta orain, ez dago horrelakorik. Gaur egun talde pila bat dago, baina guk esaten dugun moduan, euskal kantagintzan oraindik badago guretzako tartea. Oso kantutegi ezberdina daukagu. Guk herri kanta landu eta aberastu egiten dugu, eta hori gutxik egiten dute momentu honetan”.

Ez dok hamahiru taldean ere eman zituzten lehen urratsak, besteak beste, Xabier Lete, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirekin batera. “Garai hartako kantarien artean, momentu honetan, bi gelditzen gara: Benito Lertxundi eta gu. Honek badu inportantzia”.