19 urteko espetxe-zigorra Zumaian atzemandako kokaina kargamentuaren arduradunari

Baleike 2018ko ots. 21a, 16:09
Argazkia: Gorka Zabaleta

2011. urtean, 600 kilo kokaina zeramatzan belaontzi bat atzeman zuen Guardia Zibilak Zumaiako portuan. Akusatu nagusiari 19 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Gipuzkoako auzitegiak. Horrez gain, 760.000 euroko isunak ere ordaindu beharko ditu.

Gertaera 2011ko abuztu amaieran izan zen. Venezuelatik euskal kostalderantz zetorren Catalejo izeneko belaontzia atzeman zuen Guardia Zibilak Zumaian. Belaontzian bi pertsona zeuden eta haien helburua barruan zeramatzaten 594 kilo kokaina Zumaiako kirol portuan deskargatzea zen. Horretarako taldea osatzen zuten beste kideei deika aritu ziren. Belaontzian zihoazen bi lagunak portuan bertan atxilotu zituzten, eta taldea osatzen zuten beste sei auziperatuak urte horretako abenduan, Bilbon.

Auzia udazkenean egin zen Donostiako Auzitegian eta taldeko buruari 19 urteko espetxe-zigorra ezarri diote droga trafikoagatik, talde kriminaleko kide izateagatik, eta narkotrafikotik lortutako dirua zuritzeagatik. 760.000 euroko isuna ere ordaindu beharko du. Beste zazpi auzipetuei 3 eta 14 urteko espetxe zigorra ezarri diete.

Akusatuek Auzitegi Gorenean helegiteak aurkezteko aukerak dituzte.