Aparkalekuen sistema: poligonoek, Axularrek eta Estazioak zonalde bakarra osatuko dute

Baleike 2018ko ots. 20a, 20:59

Zumaiako Udalak iaz  jarri zuen abian udalerriko aparkamenduak erregulatzeko sistema. Lehen urte hartan Zubitxikitik Parolaldera bitarteko guneetako aparkalekuak arautu zituen. Aurten, baina, erregulazioa herri osora zabalduko da, uda garaian. Horretarako, zer neurri hartuko diren azaltzeko, bilera irekia egin zen astelehenean Alondegian. Informazioa emateaz gain, herritarren kexen eta iradokizunen berri ere izan zuten udal ordezkariek.

Iazko udako denboraldia amaitu ondoren, erregulazio sistemaren balorazio egin zuten udaletxean. Akatsak konpondu eta 2018ko ordenantza prestatzeko mahai tekniko-politikoa eratzea izan zen lehen neurrietako bat. Mahai honetan udal teknikariek eta politikariek hartu dute parte, eta baita zozketa bidez hautatutako bi herritarrek ere. Mahaiak lau bilera egin ditu iazko abendua eta aurtengo otsailera artean. Handik ateratako ordenantza zirriborroaren berri eman zen astelehenean.

Oier Korta alkateak eta Gorka Arregi udal arkitektoak adierazi zutenez, Zubitxikitik Parolaldera bitarteko lau guneak (Amaiako plaza/Parolaldea, Larretxo, Ardantzabide, Alde Zaharra/San Jose) bere horretan mantenduko dira. Gune hauetan izango dira, ordea, zenbait aldaketa. Hala, Zubitxikitik Pulpo elkarteko egoitzara bitartean, ibaiertzeko aparkalekuak errotazio handikoak (90 minutu gehienez eta zumaiarrentzat doan txartela hartuta) izango dira, merkatariek hala eskatuta. Moilan autobusek buelta ematen duten punturik Arranplara bitarteko aparkalekuak, eta Julio Beobidekoak, berriz, errotazio ertainekoak izango dira (6 ordu gehienez, zumaiarrentzat doan). Amaiako plaza barruan dagoen aparkagunea egoiliarrentzat izatetik errotazio azkarrekoa bihurtuko da.

5. zonaldea

Zubitxikitik beste alderako auzategiek, berriz, gune bakarra osatuko dute: 5. zonaldea. Basadik, Aita Marik, Alaik, Puntanuetak, Estazioak, Jadarrek, Etxezarretak eta Axularrek osatuko dute gune hori. “Gune horretako egoiliarrek zonalde horretako edozein puntutan aparkatu ahal izango dute, ez bere auzategian bakarrik. Baina, Zubitxikitik bestaldera ezingo dute aparkatu, ez haiek 5. zonaldean ere”, adierazi zuten udal ordezkariek. 

Zonalde horretan erregulatutako guneak ere sortuko dira: Alaiko Eroski pareko aparkagunea eta Anbulatorio ondokoa errotazio handiko guneak izango dira; GKN ondokoa, Itsas kiroldegi albokoa eta Axular ibiltokian iaz prestatutakoa, aldiz, errotazio ertainekoak bihurtuko dira.

“Puntanuetan etxebizitza bakoitzak aparkaleku bat izateko eskubidea du. Zenbat aparkaleku dauden kalkulatu dugu, eta geratzen direnak aparkalelu libreak bihurtuko dira”, azaldu zuten. Zonalde horretan, Sagarbide eskola inguruko aparkalekuak ere libreak izango dira.

‘Biñetak’

Etxebizitza bakoitzeko eman ziren ‘biñeta’ kopurua zela-eta kexak izan ziren iaz. “Gaia aztertu dugu eta aldaketak izango dira. Etxebizitza bakoitzean erroldatuta egon eta gida baimena dutenentzako adina ‘biñeta’ emango dira”. Zumaian bigarren etxebizitza dutenek aurten ‘biñeta’ bakarra jasoko dute; iaz bi jasotzeko eskubidea zuten. “Kanpotarren kexa asko izan genituen iaz. Ordenantza goitik behera irakurri zuten. Hala ere, herritarrek abantailak  izan behar dituztela uste dugu”.

Ez zegokion tokian aparkatzeagatik, iaz ezin zen makinan bertan ordaindu eta isuna kendu. “Orain, 90 minutuko epean 20 euro ordainduta makinan bertan, isuna kenduko zaie”, azaldu zuen alkateak.

Zestoako eta Debako bizilagunak izan eta Zumaian lan egiten dutenei ere ‘biñetak’ eskuratzeko aukera zabaldu zaie. “Gehienbat baserrietan bizi dira. Hondakinak biltzeko zerbitzua jasotzen duten bezala, hauei ere ‘biñeta’ jasotzeko aukera emango zaie”.

Ordenantza ekainaren 15ean jarri nahi du Udalak abian. Aurretik bitan pasako da plenotik. Datorren asteartean, hilaren 27an, udal batzarrera eramango da behin-behineko onarpena jaso dezan. Behin onartuta, 21 eguneko epea zabalduko da helegiteak aurkezteko. Haiek aztertu ondoren berriro plenora eramango da, behin-betiko onarpena jasotzeko. Iradokizunak aurkeztu nahi dituztenek mugikortasuna@zumaia.eus helbidera bidali ditzakete. 

Kexak eta iradokizunak

Aurkezpenaren amaieran, bertaratu ziren herritarrei hitza eman zitzaien eta iritziak eta kexak azaltzeko aukera izan zuten.

Hala, San Jose kalean, Foruen enparantzatik gertu bizi den emakume bat gune horrek bizi duen aparkaleku faltagatik kexatu zen. Bere ustetan, garajea dutenek ez lukete ‘biñeta’ izateko eskubiderik izan behar. Txomin Agirre kaiko aparkaleku gehienak errotazio handikoak izatearekin ere kexu agertu zen. “Dendariek izango dituzte eskubideak, baina Alde Zaharrean bizi garenok gero eta aparkaleku gutxiago ditugu. Etxebizitza alboan lekurik ez genuenean, Txomin Agirren aparkatzen genuen. Orain errotazioko gunea jarri duzue han. Zer egin behar dut? 90 minutuan behin jaitsi eta txartela hartu? Hori ezin dut egin”.

Alaiko emakume bat kexu agertu zen auzoko Eroskiren aurreko gunea errotazio azkarrekoa bihurtuko dutelako. “Eta guk non aparkatu behar dugu. Ni bizi naizen blokean 52 pertsona bizi gara, aldamenekoan beste hainbat. Gune hori kentzen baduzue, nora joan behar dugu?”.

Ardantzabideko gizonezko bat haserre zegoen kale horretako bizilagunek urte osorako ‘biñeta’ ordaindu eta bueltan zerbitzu on bat jasotzen ez duelako. “25 euro ordainduta, zerbitzu on bat eskatzen dut eta baita kontrola handiagoa izatea, eta ez pertsona bat goizean behin eta arratsaldean beste behin pasatzea bakarrik”.

Kale horretako dendari batek justu beste ikuspuntu bat zuen. Bere ustez, pertsekuzio bat bizi dute bertako ostalariek eta merkatariek. “Udan ondo ikusten dugu erregulatzea, baina, uda amaieran, herria normaltasunera bueltatzen denean, gure kalean berdin mantentzen da. Herri osoan berdintasuna eskatzen dugu. Oso gogorra da ostalaritzarako eta merkatarientzako lekurik ez uztea. Hori debekua da”. Amaiako plaza gune txikia errotazio azkarrekoa bihurtzea BM supermerkatuari fabore bat egitea bezala ikusi du gizonezko honek. “Aparkalekuen eskaerarik egin ez zutela diozue, baina, gero ate aurrean errotazio azkarreko gune bat jarri diozue”.