Hainbat lagun elkartu dira udaletxe aurrean pentsioen politika salatzeko

Baleike 2018ko ots. 19a, 13:54

Euriari aurre eginez, eta sare sozialetatik edo mezularitza programetatik heldutako deialdiarekin bat eginez, Zumaiako hainbat pentsiodun elkarretaratu dira 15 minutuz udaletxe aurrean, Espainiako Gobernuaren pentsio politika salatzeko. Ostegun honetan beste elkarretaratze bat egingo dute.  

Eguraldi txarrak ez ditu kikildu eta eguerdirako pentsiodun eta jubilatu talde handia bildu da udaletxe aurrean Madrilgo gobernuaren pentsio politika salatzeko. %0,25eko igoeraren aurka eta pentsioetan ere KPIa igotzearen alde elkarretaratu dira beste behin ere. Astelehenero egiten ari dira kontzentrazio hauek eta egunetik egunera bertaratzen direnen kopuruak gora egin du.

Ostegun honetan beste elkarretaratze bat deitu dute, eguerdiko 12:30ean udaletxe aurrean. Printzipioz hiriburuetan egingo diren protesta ekitaldietara joatea eskatzen dute, baina ezin dutenak Donostiara joan, herriko udaletxe aurrean bilduko dira.