Zumaiarren lan txukuna Oriaren XXIV. Traineru Jaitsieran

baleike 2018ko ots. 18a, 09:25
Argazkia: Karkara (Orioko eta Aiako orainkaria).

Atzo arratsaldean jokatu zen Oriaren  XXIV. Traineru Jaitsiera, eta bertan izan ziren, Zumaiako Arraun Elkarteko hiru talde: gizonezkoak, beteranoak, eta emakumezkoak (Hernaniren traineruan). Lan txukuna egin zuten hirurek.

Traineru denboraldirako hilabete batzuk gelditzen dira, baina, arraun taldeak zernola aurkitzen diren ikusteko test garrantzitsua izaten da Orioko Traineru Jaitsiera. Atzo bertan jokatu zen Oriako ibaian, eta urtero izaten duen arrakastaren seinale dira ontziratu ziren 92 ontzi eta 1.840 arraunlari.

Emakumezkoetan, San Juan izan zen garaile 14:26,84ko denbora eginez. Etxekoek jarraitu zioten lau segundura, eta hirugarren Donostia Arraun Lagunakeko emakumeak izan ziren 25 segundura. Zumaiarrek Hernanirekin osatu dute trainerua, eta hamargarren postuan amaitu zuten 15:36,95 denborarekin.

Gizonezkoetan, Hondarribia A izan zen garaile 19:22,56an geldituz erlojua. Zierbena izan zen bigarren segundu bakarrera, eta Orio hirugarren bost segundura. Xabier Zulaikak entrenatzen duen Telmo Deun ontzia 18. izan zen, 20:42,20ko denbora eginez.

Amaitzeko, beteranoetan, Getaria izan zen irabazlea 14:48,79ko denborarekin. Chapelak jarraitu zion bost segundura, eta hirugarren Ares izan zen 14ra. Zumaiarrak bederatzigarren amaitu zuten 15:56,49 denbora eginez.

Gaurko batel estropada bertan behera

Gaur goizean Tolosan jokatu behar zen batel ligako bosgarren jardunaldia bertan behera gelditu da estropada eremuaren baldintza txarrengatik. Infantil eta kadete mailakoek bakarrik jokatu behar zuten, eta guztira, 60 bat batel inguru itsasoratuko ziren. Datorren asteburuan, hilaren 24an, Zumaian izango da batel ligako seigarren jardunaldia.