Zumaiako XXXIV. herri lasterketa jokatuko da gaur arratsaldean

baleike 2018ko ots. 17a, 09:46

XXXIV. edizioak bi distantzia izango ditu: laburra, 5.600 metrokoa, eta luzea, 10.200 metrokoa. Ibilbidean, baina, aldaketak izango dira. Horretaz gain, UK06 Zumaia-Zumarraga autobus zerbitzuak ere aldaketak izango ditu. Helduen herri lasterketa 17:00etan hasiko da, aurrez, gaztetxoenek, adinaren araberako lasterketa motzak izango dituzte.

Gaur arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Zumaiako XXXIV. herri lasterketa jokatuko da. Edizio honek bi ibilbide izango ditu: laburra, 5.600 metrokoa, eta luzea, 10.200 metrokoa.

Irteera eta helmuga Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dira. Irteeran, Erribera zeharkatu eta arranpla inguruan buelta eman ondoren, Txomin Agirre kaiatik joanda, buelta handiei ekingo diete. Lasterketa laburraren kasuan buelta bat emango diote zirkuituari, eta luzean bi buelta. 

Ibilbideak baina, aurten aldaketa batzuk izango ditu. Hala, Ayra Durexeko zubia zeharkatu ondoren, korrikalariek Axular ibiltokia hartuko dute, baina Bittarte Erretegiraino joango dira. Han buelta eman eta Ayra Durexeko zubia pasata, Basadi auzategiko bidetik joango dira, Narrondo ibaiaren ertzetik. Zubitxiki parean Etxezarreta zeharkatuko dute eta Mendaro marinela kaletik jarraituko dute. Hortik aurrera ibilbidea betikoa izango da; Parolaldean eta Larretxon ez da aldaketarik izango.  

Haur eta gazteen ordutegia

Aurrez, 15:45ean hasita, eskolartekoen txanda izango da. Hauek dira haur eta gazteen mailak eta ordutegia:

Alebinak: 15:45ean (1.100 metro)

Infantilak eta kadeteak: 16:10ean (2.200 metro)

Benjaminak: 16:25ean (300 metro)

Aurrebenjaminak (guraso batekin): 16:30ean (300 metro)

Aldaketak errepidean eta autobus zerbitzuan

Probak irauten duen bitartean Etxezarreta kalea autoentzat zabalik izango da, korrikalariek Basaditik Mendaro Marinelako bidea hartu behar dutenean izan ezik; une horretan bidea moztuko da. Urola bailarara, Debara edo autobideko sarbidera joan nahi dutenek, saihesbidea hartu beharko dute. 

Bestalde, UK06 Zumaia-Zumarraga autobus zerbitzuak geraleku aldaketa izango du. Horrela, Zumarragatik 17:10ean irteten den zerbitzuak ez du Zumaiako Patxita Etxezarreta kalean geldialdirik egingo. Geraleku bakarra Zumaiako geltokian izango da.