Goikoetxeak garaipenarekin hasi du Mexikoko denboraldia

Baleike 2018ko ots. 16a, 12:15

Iñaki Osa Goikoetxeak ezin hobeago hasi du Mexiko Hiriko frontoiko denboraldia. Irastorza bikote moduan zuela, Egiguren eta Imanol Lopez zumaiarrari 30-26 emaitzarekin irabazi die.

Ikuskizunak ez zuen hutsik egin atzokoan. Hasteko, pilotari guztiak kantxara atera ziren harmailetatik, zaletuen txaloen artean. Estelarra jokatuko zuten Goikoetxea-Irastorza eta Egiguren-Lopez bikoteek. Egiguren, Lopez eta Irastorza ezagunak dituzte frontoi honetan; El Rey ezizenarekin ezagutzen duten Goikoetxeak, berriz, lehen partida zuen frontoi erraldoi honetan.

Partida berdindua izan zen eta lau pilotariek uste baino akats gehiago egin zituzten. Kontutan hartu behar da frontoi hau Euskal Herriko edozein pilotaleku baino handiagoa dela. Adibidez, Durangoko Ezkurdi baino hamar metro luzeagoa da. Horrek, frontoiaren ezaugarrietara moldatzea eskatzen du.

“Zertxobait galduta” egon zela onartu du Iñakik partidaren amaieran, baina, orokorrean, sentsazio onak izan zituela. Txanponaren beste aldean, Lopezek ez zuen egunik onena izan eta hala onartu zuen. “Ez naiz normalean erakusten dudan mailan egon”.