‘El cuaderno de Sara’ eta ‘Jumanji: Bienvenidos a la jungla’ emango dira asteburuan Aita Marin

Baleike 2018ko ots. 16a, 11:18

Asteburu honetan  bi pelikula emango dira Aita Mari zinean. Alde batetik, Norberto López Amadok zuzendu eta Belen Rueda aktore ezaguna protagonista duen El cuaderno de Sara, eta, beste aldetik, familia guztiarentzat  zuzenduriko Jumanji: Bienvenidos a la jungla.

Belen Rueda aktore espainiarrak Laura izeneko emakumezkoaren papera antzeztuko du, eta aspaldi galdutako ahizpa Sararen bila joango da Kongora. Gorbernuz Kanpoko Erakundeek, Espainiako enbaxadak… Inork ez du jakingo Sara non dagoen. Baina herrialdearen ekialdeko meatzari-herri batean egindako argazkian azalduko da Sara, eta Laura gizarte mendebaldarraren hatzapar ilun, ezkutu eta zikinetan barneratuko da ahizpa topatzeko. Norberto López Amadok gidatu du proiektua, eta Ruedarekin batera, Manolo Cardona, Enrico Lo Verso, Marián Álvarez eta Florín Opritescu aktoreek hartu dute parte filmean.

Filmearen lehen proiekzioa gaur izango da, 22:15ean; larunbatean, bi emanaldi izango dira 19:30ean eta 22:15ean; igandean eta astelehenean, ikuslearen eguna, 19:30ean.

Jumanji, igandean

Jumanji: Bienvenidos a la jungla pelikula, aldiz, igandean emango da 16:30ean. Jake Kasdan zuzendariak 3D formatuko remake filma egin du; jatorrizko oinarri iluna alde batera utzi, eta ikuspuntu komiko bat eman dio istorioari. Oraingoan ere, bideojokoak harrapatutako gazte taldea izango da bere jatorrizko mundura itzultzeko modua bilatzen. Ikus trailerra hemen.