Ainhoa Alberdi: “Antzerkiak probokazio puntua izan behar du, hau da, astintzailea eta zirikatzailea”

baleike 2018ko ots. 15a, 20:36

Ainhoa Alberdi aktore zarauztarrak, Pez Limbo konpainiarekin, joan den astean estreinatu zuen Oxido mikro antzerkia Gasteizko Principal antzokian. Zumaiako Alondegia izango dute bigarren geltokia larunbatean (20:00etan euskaraz, eta 22:00etan, gazteleraz). Hiru piezaz osatutako ikuskizun honen zirrikituak kontatu dizkigu.

Azken hiru urtetan lasai antzera ibili da antzerkigintzan Ainhoa Alberdi aktorea. Duela urtebete baino lehenago proposatu zioten talde honetan parte hartzea, eta ez zuen zalantzarik izan. Maiatza bitarte, 15 emanaldi hitzartuta dituzte.

Zergatik aukeratu zenuen proiektua?

Pez Limbo konpainia Gasteizen dago kokatua eta urte asko daramatzate antzerki munduan. Kodigo zehatz baten inguruan egiten dute lan, hau da, umore garratzetik tratatzen dituzte gizarteko gaiak. Azken finean, muturrera eramaten dituzte gai horiek, batzuetan absurdoa pasatzen eta beti umoretik. Nik atsegin dut molde hori.

Oxido antzezlanak bi bertsio ditu; gazteleraz eta euskaraz.

Hiru mikroantzerkiz osatuta dago antzezlana, eta horiek egiteko, sorkuntza kolektiboa egin genuen, mahai baten bueltan ideiak ateraz. Sorkuntza hori ordea gazteleraz izan zen, eta ondoren, euskarara itzuli dugu Aitor Perez aktoreak eta biok.

Nolakoa izan zen sorkuntza?

Niretzako zerbait berria izan zen. Izan ere, nik antzerkia gorputzetik sortzen dut, eta ez hainbeste hitzetik. Iazko uztaila eta abuztuan elkartzen ginen astean behin Gasteizen, eta ederra izan zen lanketa. Identifikatuta genituen zein gai landu, eta ondoren, gustatzen zitzaigun ildotik sortu zen gidoia; bizkar hezurra. Hiru piezak Raul Caminok idatzi ditu eta obrako zuzendaria ere bera da. Niretzat luxu bat da idatzi duenak zuzentzea.

Irailean hasi zineten entseguekin. Astebeteko erresidentzia ere egin zenuten Luson.

Irailetik aurrera astean hirutan elkartzen ginen, eta azaroa hasieran izan genuen astebeteko erresidentzia Luson. Ederra izan zen, goiz eta arratsaldea antzerkira dedikatuta. Lan asko egin genuen, eta euskarazko bertsioaren itxiera ere bertan izan zen. Aipatu behar da konpainiako bi aktore Valladolidekoak direla, eta nahiz eta euskaltegira joaten diren, euskarazko bertsioaren zuzendaritza lan handia egin genuen Aitorrek eta biok. Hiru piezetatik bat, bi pertsona horiek egiten dute bai euskaraz eta baita gazteleraz ere.

Zenbat aktore zarete guztira?

Hiru pieza antzezteko bost aktore gaude guztira, eta pieza bakoitzean bi agertzen gara. Bi pieza aktore berdinez osatuta dago bai euskarazko eta baita gaztelerazko bertsioan, baina azken piezan, euskaraz Aitorrekin egiten dut, eta gazteleraz, ordea, Edu Hernandorekin.

Nola izena dute hiru piezek?

Madame B, Homo amabilis eta Margarita Molotov. Ni azken bietan agertzen naiz.

Antzerkiaren formatua ez da ohikoa.

Mikroantzerkia izanda, pieza bakoitzak 20 minutuko iraupena du. Gehienez, 80 ikusle joan daitezke, eta hasieratik bi taldetan banatzen ditugu. Horrela, Madame B eta Homo amabilis taldetan banatuta ikusten dira, eta Margarita Molotov, azken obra, guztiak elkarrekin. Formatu hau egiteko, antzoki bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar gara. Zumaiako kasuan, Alondegiako hiru espazio hartuko dira. Lehen biak goiko pisuetan antzeztuko dira, eta azkena, Oxford aretoan.

Oxido da ikuskizunaren izenburua. Zer esanahi du?

Gizarte gaiak lantzen dira, eta kasu honetan, izenburuak esaten duen moduan, pertsonaien herdoildutako alde emozionalean jarriko da puntua. Pertsonaia bereziak dira, eta istorioak ere modu berezian daude kontatuta.

Hiru istorioak elkartuta daude?

Ez dute osotasun bat egiten. Zentzu horretan ez dago loturarik bata bestearen artean baina puntu amankomun bezala esan daiteke gaiak tratatzeko modua bera dela, hau da, absurdoa, umore garratza.

Zein dira jorratzen diren gaiak?

Ez dut argitu nahi, sorpresa da. Baina, lehen esan dudan moduan, pertsonaiek, emozioen aldetik zerbaiten herdoila dute. Normalean denok dugu herdoilen bat. Gabezia izan daiteke, zerbait ez aurrera eta ez atzera geldituta dagoena, onarpenaren gaia, maitasuna eta horrekin lotuta bakardadea... Gai oso humanoak eta unibertsalak dira. Gasteizen lau emanaldi egin genituen pasa den astean, bi euskaraz eta beste bi gazteleraz, eta harrera ona izan dugu. Jendeak barre asko egin zuen, azkenean, ikuskizunak dituen gaietan islatuta ikusten baitziren.

Helburua, beraz, norbere buruaz barre egitea da?

Ez dugu helburu zehatzik jarri. Baina antzerkia egiten duzunean, beti bilatzen da zerbait kontatzea, hau da, denok dugu zerbait esateko. Kasu honetan, dramatikoak izan daitezkeen gaiak, umorera eta absurdora eraman dira. Baina egia da gure buruaz barre egitea osasuntsua dela. Niri hala iruditzen zait.

Umorea egitea, baina, zaila da, ezta?

Nire  joera dramatizaziora joatea da. Baina egia esan bai antzerkian eta baita bizitzan ere gauzei pisua kentzen ikasten ari naiz. Bizitza dramaz beteta dago eta zulo horretan geldituko bagina denok tiro bat emango genuke. Orduan nola kendu pisua gauzei? Ikuskizunean planteatzen diren gaiak indartsuak dira, eta gizartea horien ihesi ibiltzen da. Distrazio asko ditugu eta begiratu ere ez diegu egiten gai horiei. Zergatik? Zentzu horretan denok herdoilduta gaudelako. Gizarte honetan ez dira ematen gauzei aurre egiteko tresnak.

Eta, umoreak lagundu egiten du gai pisutsu horiek hobeto liseritzeko?

Guk ez dugu helburu terapeutikorik, teatreroak gara. Baina konpainia honek badu umore garratz horretara bidaiatzeko joera, eta azkenean, gure buruaz barre egiteko nahia. Nire ustez antzerkiak printzipioz ez dauka helburu terapeutiko hori. Baina era berean, antzerkiak probokazio puntua izan behar du, hau da, astintzailea edo zirikatzailea. Ez du ikuslea indiferente utzi behar, eta obra honek badu osagai horri. Hala ere, pertsonalki, konklusio moralistak edo zer egin behar duzun esaten dizuten antzerkiak ere ez zaizkit gustatzen.

Formatu ezberdina dauka ikuskizunak, eta hori dela eta, ikuslea ere gertu izango duzue. Zer sentsazioa da hori aktorearentzat?

Egia esan mikro antzerkian oso ohikoa da ikuslea gertu izatea. Horrek bi ikuspuntu sortzen ditu. Alde batetik, ikuslearena dago. Gure kasuan, eta batez ere azken piezan, ikuslea aktorearen espazioan sartzen da, fokoak bere inguruan daude, pertsonaiak begiratu egiten dio... Ikusleak emozioak erakusten ditu, eta nolabait antzezle bihurtzen da. Beste aldetik, hurbiltasunak ekartzen du antzezlea bere biluztasun osoan ikustea. Aktoreak dena erakusten du, ez dago tranparik. Eta antzerki honetan ez dago beste ezer, aktorea eta ikuslea. Eszenografia ere oso sinplea daukagu. Hala ere aipatu behar dut ikuslea obraren parte izango dela. Aktiboki ez du ezer egingo, baina osotasun guztian, pertsonaia bat gehiago izango da.

Absurdoarekin jolastea ona da?

Niretzat bai. Absurdoa asko gustatzen zait, eta antzerkirako tresna oso ona iruditzen zait, gainera dibertigarriagoa da. Teatroan naturalismoa egiteak ez nau asko erakartzen, azalean gelditzen garela iruditzen zait, eta bizitzan hori badaukagu. Antzerkirako hurbilago sentitzen naiz absurdotik, surrealismotik... Iruditzen zait haratago joan gaitezkela. Absurdora bidaiatuta, gizakiaren subkontzientea beste leku batzuetara doa, haratago. Publikoari hori ematea interesatzen zait.