Euskadiko arku tiratze txapelketa jokatuko da igandean Lubaki kiroldegian

Baleike 2018ko ots. 14a, 19:28

Pelikuletatik eta telesailetatik kanpo, erabat ezezaguna egiten zaigun kirol mota bat ikusteko aukera izango da asteburuan Zumaian. Igandean Euskadiko arku tiraketa txapelketa jokatuko da Lubaki kiroldegian eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko 85 tiratzaile arituko dira txapelaren bila. 

Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako tiratzaileak elkartuko dira Zumaian. “Txapelketa hartzen duen herrialdea txandakatu egiten da urtero. Herrialde bakoitzak hiru urtean behin antolatzen du, eta, gauzak errazteko, heltzeko erraza den lekuak aukeratzen dira”, adierazi ditu Ibai Artetxe arkulari zumaiarrak. “Aukera bat Elgoibar zen, baina orain aste batzuk txapelketa bat jaso zuen. Zumaia aukeratu da heltzeko erraza delako eta, baita, kiroldegiak kantxa handia duelako”, gaineratu du. Udaberriko saioak ez bezala, zelaietan eta basoetan egiten direlako, txapelketa hauek teilatupean jokatzen dira.

Bi arku motarekin egingo dira tiraketak: arku olinpikoa eta poleaduna. Bakarkakoan txapelketa orokorra jokatuko da, eta, baita, junior mailako arkulariena eta gaztetxoena ere. “Gaztetxoak 16 urte artekoak dira; juniorrak, berriz, 16 eta 20 urte bitartekoak”, dio Artetxek.

Hirugarren txapelketa bat ere izango da, taldekakoa. “Txapelketa honetan parte hartzeko taldeak klub bereko hiru lagunez osatutakoak izan beharko dute. Ni poleadun arkuarekin aritzen naiz eta nire taldeko bakarra naizenez, ezingo dut taldekako txapelketan parte hartu”.

Ituak Lubakiko horma handitik hurbil jarriko dituzte eta ikusleek txapelketa harmailetatik jarraitzeko aukera izango dute. Tiratzaileak, berriz, 18 metroko distantziatik arituko dira geziak botatzen. Ez da, ez, lan erraza izango ituaren erdian asmatzea, kontutan hartuta puntu horrek euro baten tamaina duela.

Goizez eta arratsaldez

Goizeko 9:30ean hasiko dira saioak, banakako sailkatze txandaren hasierarekin. Arkulari bakoitzak 60 gezi jaurtiko ditu, 10 jaurtialdiko bi txandatan: hiru gezi botako ditu jaurtialdiko.

12:15ean kanporaketak hasiko dira. “Lehen fasean sailkatu direnak pasako dira hona eta buruz buru arituko dira binaka. Modalitate bakoitzak bere puntuaketa mota duela dio Artetxek: “arku olinpikoan puntuaketa set moduan egiten da, eta poleatan puntuaketa normala”. 15:15ean banakako finala jokatuko da. Lehenengo laurek hartuko dute parte, eta puntuaketa aurreko faseko berea izango da.

Behin banakako finala jokatuta, 16:15ean taldekako txapelketari ekingo diote. Klub bereko hiru arkulari arituko dira. Puntuaketak banakako berak izango dira. Finala 17:00etan jokatuko dela aurreikusten dute.