Otsailaren 21etik aurrera beharrezkoa izango da txartela errefusaren eta organikoaren edukiontziak zabaltzeko

Baleike 2018ko ots. 13a, 16:06

Otsailaren 1ean jarri zen martxan hondakinak biltzeko sistema berria Urola Kosta mailan. Aia izan zen lehen herria sistema hau erabiltzen, eta eskualdeko besteak atzetik etorriko ziren. Printzipioz, hilaren 15ean ezarriko zen beste lau udalerrietan. Ezartze hori mailakatuta joango da eta Zumaian hilaren 21etik aurrera izango da abian.

Egun horretatik aurrera beharrezkoa izango da txartela errefusaren eta organikoaren edukiontziak zabaltzeko. Orion hilaren 15etik aurrera izango da beharrezkoa, Getarian otsailaren 16tik aurrera, Zarautzen 19 eta 20tik aurrera, eta Zumaian 21etik aurrera. Edukiontziak zabaltzeko txartela posta bidez zabaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Ontzi arinen, paperaren eta beiraren kasuan, edukiontziak orain arte bezala jarraituko dute, eta ez da txartelik beharko hondakin horiek botatzeko.

Elkartearen egoitzan gaur goizean egindako bileran lehen egun hauen balorazioa egin du Igor Iturain elkarteko presidenteak. Onartu duenez, uste baino gehiago kostatu da sistema hau martxan jartzea. Azpimarratu du txartelen banaketa, orokorrean, ongi joan dela, eta Aian, lehen egun hauetan, txartelek behar bezala funtzionatu dutela.  

Iturainen esanetan, herritarrek zalantzak izan dituzte edukiontzi grisaren inguruan. “Lehen berde kolorekoa zen errefusarena eta, ezjakintasunagatik edo, batzuk ez dakite ondo zer bota behar den edukiontzi grisera. Gero, toki batzuetan, Zumaiako Alde Zaharrean, San Jose kalearen hasieran, adibidez, arazoak izan dira kokapenagatik. Hormatik hurregi jarri dira eta horrek arazoak sortu ditu”.

Zumaiako beste auzo batean erresistentziak ere sumatu dituztela adierazi du, edukiontzien kokalekuaren aldaketarekin lotuta. “Jadarren ez zegoen birziklatzeko edukiontzirik. Saiatu gara hasierako leku horretan bost edukiontzien ‘irla’ bat jartzen, baina, ezinezkoa zenez, lekuz aldatu dugu gunea. Bizilagunek, dirudienez, ez dute gogoko izan eta hasierako leku hartara botatzen jarraitu dute, eta asteburuan poltsez beteta zegoen. Jarrera hori aldatu behar da”.

Organikoaren edukiontzietan, marroi kolorekoetan, aurkitu dutenarekin ere kezka agertu du Iturainek. “Ikusi dugu askok errefusaren materiala botatzen dutela edukiontzi horietara. Hondakinak botatzeko plastikozko poltsak erabiltzen dituztela ere ikusi dugu”. Plastikozko poltsen erabilerak organiko hori konposta egiteko baliogabetzen duela nabarmendu du. Poltsa konpostagarrietan edo, poltsarik gabe, edukiontzietatik zuzenean botatzea eskatzen dute.

Zalantzak eta argibideak

Edozein zalantza argitzeko modu desberdinak daudela ere adierazi du. Alde batetik, arreta bulegoak martxoaren 2ra arte izango dira zabalik. Zumaian, goizez (09:00-14:00), udaletxean izango da argibideak jasotzeko aukera, eta arratsaldez (17:00-19:30) Hogarrean. Leku hauetan etxeko edukiontzi txikiak doan jasotzeko aukera dagoela ere azaldu du.

Internet bidez ere badago zalantzak argitzeko aukera. Batetik, Udal Elkartearen webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsulta daiteke, baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria ere.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den azaroan martxan jarritako InguruApp doako aplikazioa ere deskargatu daiteke Play Storetik. Hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek tresna ezberdin horietan egin dezakete kontsulta egoki sailkatzeko.

Etxeko hondakin handiak 

Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, 20.00etatik 22.00etara, eta herri bakoitzak bere eguna izango du: Aian, igandean, Getarian, astelehenean; Orion, asteartean; Zarautzen, asteazkenean; eta Zumaian, ostegunean.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berri edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).

Edukiontzi bakoitzean zer bota

  1. Marroia, hondakin organikoak: Txartela beharrezkoa. Poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan
  2. Grisa, errefusa: Txartela beharrezkoa
  3. Horia, ontzi arinak: Ez da txartelik behar, zabalik daude
  4. Urdina, papera eta kartoia: Ez da txartelik behar, zabalik daude
  5. Berdea, beira: Ez da txartelik behar, zabalik daude