baleike.eus

Bidasoa Inprimatzeko Zentroa-ko langileek kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian

baleike 2018-02-09 13:30   Ekonomia

Arroa Behean kokatzen den enpresa honetan, besteak beste, Berria eta Gara egunkariak inprimatzen dira. Nahiz eta gaur bi egunkariak argitaratuak izan diren, atzo eta gaur greba egin dute errotatiba honetako langileek. Lan baldintza duinaren alde, egoera konpondu ezean, datorren asteko ostegun eta ostiralean ere egun guztiko greba egingo dute.

Iazko martxotik negoziaketa kolektiboan dabiltza Bidasoa Inprimatzeko Zentroa-ko langileak eta enpresako arduradunak. “Ia urtebete da eskaera batzuk egin genituela, baina oraindik akordiorik gabe gaude”, aipatu du Zigor Gazpio, Urola Kostako enpresa txikien ELAko arduradunak.

Guztira, 22 langilek egiten dute lan errotatiba honetan, eta azken urteetako egoera dela eta, greba egitea erabaki dute. “Langileak nekatuta daude, enpresaren aldetik ezezkoak jasotzen ditugu behin eta berriz. Atzo bertan bilera bat izan genuen, baina ez dago inongo mugimendurik. Hori dela eta, kontzentrazioa egin dugu”, jarraitu du.

Langileek hiru eskaera nagusi dituzte. Lehenengoa ekonomikoa da. “Azken bost urtetan ez dute inongo soldata igoerarik izan. KPIa denboraldi batean geldirik egon da, baina orain gorantz doa. Beraz, soldata indize horri egokitzea eskatzen dugu”, esan du Gazpiok.

Bigarren eskaera lan egunei dagokio. Inprimategi honetako langileek 225 eguneko lanaldia dute. “Kontutan izan behar da asteburutan egiten dutela lan, erreleboetan, gauez… Hori dela eta, lanaldiaren beste distribuzio bat lortu nahi dugu; lan egunak 216-218 egun arte jaistea”, gaineratu du.

Azkenik eta, eskaera garrantzitsuena, lan baldintza zehatz bati dagokiona da. “Enpresaren deiaren zain egoten dira bertako langileak, eta hauek dei egin ezkero, derrigortuta daude egun bertan lan egitera joatea, nahiz eta beraien jai eguna izan. Gure ustez,  lan baldintza hori ez da egokia, eta ulertzen dugu 10 egun baino lehen dei egiten diren abisuei langileek ezezkoa emateko eskubidea dutela. Baldintza honen inguruan pixka bat erreta daude. Badakite non egiten duten lan baina egunero telefono deiaren menpe bizitzea ez da duina”, esan du.

Inprimategi honetan, Berria eta Gara egunkariak inprimatzen dira, besteak beste. Gaur bi egunkariak argitaratu dira, baina jakin dugunez, beste errotatiba batean egin dira inprimatze lanak. Adostasunik ezean, datorren ostegun eta ostiralean ere egun guztiko greba egingo dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa