"Bazen garaia!"

Baleike 2018ko ots. 9a, 11:52

2014ko eta 2015eko itsas denboraleek kaltetu eta hainbat hilabetez itxita egon ondoren, gaur zabaldu dute berriro Zumaiako barra. Haizeari, hotzari eta euri tantei aurre eginez, hainbat herritar hurretatu dira dikera, egindako lanak ikustera. 

"Bazen garaia!", adierazi ditu herritar hauetako batek. Berokiaren kremailera goraino igota eta burua txapelarekin estalita joan dikean barrena. Barra zaharra zegoen lekuan hormigoizko bloke handi batzuk jarri dituzte. Altuera ere handiagoa da lehengoarekin alderatuta. "Inpresioa egiten du, egia esan. Gehienbat lehen zatian, pasabidea estua delako". 

Barran zati berrian ez da aldaketa handirik somatzen. Olatuek txikitutako horma zatia konponduta dago eta oinarrian harri bloke handi batzuk jarri dituzte, azpiegitura sendotzeko. "Hainbeste hilabete ondoren honaino heltzea gozamena da. Lehen Talaiperaino heltzen ginen eta paseoa laburra egiten zen". Lagun batekin egin du topo barraren puntan. Dikea zenbat denboran egon den itxita galdetu dio batak besteari. Hark ere ez zekien ziur.

Bueltakoan bikote batekin egin dugu topo. "Egunero etortzen gara honantz eta Talaipe pareko lanak amaituta zeudela ikustean, pentsatu genuen laster zabalduko zutela". Aurrera egin ahala, gizonezkoak komentarioa egin du irribarre batekin: "Ea zenbat irauten duen".

Pixkanaka gero eta jende gehiago joan da hurreratzen. Bazegoen honen gogoa herritarren artean. Julio Beobide ibiltokian emakume bat hurreratu zaigu: "Zabaldu al dute barra? Urrutitik ikusi dut jendea eta pentsatu dut, agian, langileak izango zirela. Orduan, ireki dute. A zer poza!". 

Talaipe jatetxea zegoen eraikinean ere izan dira aldaketak. Etxeari gehitutako jangelaren espazioak kendu dituzte. Aurrean zorua ere konpondu dute.

Udaletik adierazi dutenez, Talaipe ondoko komunak bihar zabalduko dituzte.