Frankismoan emakumeek izan zuten paper aktiboa kontatzen du bihar zabalduko den ‘Emeek emana’ erakusketak

baleike 2018ko ots. 7a, 16:49

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak aurkezten duen erakusketa honetan, frankismo garaian isilduak izan ziren emakumeen testigantza jaso nahi da. Otsailaren 8tik 23ra arte egongo da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Inaugurazioa bihar izango da, 19:00etan.

Intxorta 1937 Kultur Elkartea 2005ean jaio zen Eibar, Arrasate, Bergara, Elgeta, Oñati, eta Aretxabaletako memoria historikoan lanean zebiltzan taldeekin. Aurretik, 1986an, Arrasateko zeinbat pertsona kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoriaren berreskurapenaren alde hasi ziren lanean. Ordutik, asko dira elkarteak egin dituen liburu, dokumental, hitzaldi, erakusketak eta omenaldiak. Azkena, Emeek emana izeneko erakusketa ibiltaria da. Hain zuzen, Zumaia, erakusketa hori hartzen duen hamargarren herria izango da. Estreinaldia iazko martxoan egin zuten, Donostian, bertako Giza Eskubideen Zinemaldian. “Ordutik bederatzi herritan jarri dugu ikusgai, eta harrera ezin hobea izan da. Urte honetarako agenda ere beterik dugu dagoeneko”, nabarmendu du Julia Monge, elkarteko kideak.

Historiako orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi dira erakusketa honetan. Hau da, emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu eta zabaldu. “Memoria historikoaren lanketa egiten hasi ginenean, hasieran dena zen guda, borroka, trintxerak eta fusilatuak. Baina konturatu ginen bi mundu paralelo zeudela, eta horietako bat emakumeena zela”, aipatu du. Erakusketa honen aitzindaritzat 2012an Arrasaten egin zuten 1936 emakumeak, gerra eta errepresioa  dokumentala dago, eta baita, 2016an, errepresioa jasan zuten 40 emakumek Elgetan jaso zuten omenaldia ere. “Bi ekintza hauek energia eman ziguten aurrera egiteko eta emakumeen begietatik kontatzeko frankismoan jasan zutena”, esan du.

Lore Albizuren testigantza

Begirada kritikoa eta hausnarketa bultzatu nahi duen erakusketa honetan 63 argazki jasotzen dira. Era berean, bakoitzaren oinean, erretratuko emakumearen biografia motz bat jarriko da. “Argazkiak Mauro Saravia argazkilari txiletarrak atera ditu, baina horietatik 11 ez dira emakumeen erretratoak. Kontua da testigantzak jasotzen hasi ginenean batzuk hilda zeudela, baina guretzat inportantea zen horien berri ematea, testuingurua ulertzeko. Beraz, emakume haiek irudikatzen dituen paisaia edo elementuak daude aurpegien ordez”, kontatu du.

Argazkiak ikusteaz gain, erakusketa bisitatzen duenak katalogo bat izango du eskuragarri. Bertan, 63 argazki horiek agertzen dira, txuri-beltzean, biografia luzeago batekin. “Katalogoaren helburua etxera eramatea da, horrela era lasaiago batean bisitariak gaian sakondu dezan. Emakume asko dira eta askotan erakusketa batean ez dago denbora dena jasotzeko”, aipatu du. Azkenik, ikus-entzunezko labur batzuk egongo dira. Horietan, protagonisten elkarrizketako pasarteak entzun ahalko dira.

Emakume anitzak, joera politiko desberdinetakoak, hainbat eremutan ibilitakoak eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaiotakoak osatzen dute erakusketa. “Erakusketan ibilbide txiki bat islatu nahi izan dugu, 1936tik 1976ra. Garai hartan, emakumeak ez  ziren bakarrik biktimak izan, baita ere erresistenteak, borrokalariak eta sortzaileak. Dena berria zen, eta estrategiak sortu zituzten aurrera ateratzeko”, nabarmendu du. Hori dela eta, 63 protagonistak hainbat eremutan sailkatu dituzte: gerrako frontean egon zirenak, bonbardaketaren lekukoak, emakume fusilatuen alabak, erbesteratuak eta herritik kanporatuak, besteak beste. Azken honetako ahotsa Lore Albizu zumaiarra izan da. 

Erakusketaren harira, beste bi ekitaldi prestatu dituzte Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Erkibe Kultur Elkarteak, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean. Lehenengoa Amagoia Gurrutxagaren Gerra gauza alua da hitzaldia izango da otsailaren 15ean, Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan. Bigarrena, berriz, Paperezko ahotsak dokumentalaren proiekzioa, otsailaren 22an, Aita Mari zinean, 19:00etan.