Inauteriak 2018

Mozorro lehiaketak eta argazki txokoa egingo dira larunbatean, Inauterietan

Baleike 2018ko ots. 7a, 11:02

Ostiralean hasiko dira Inauteri jaiak eta, hotzak eta euriak atseden pixka bat hartzen badute, behintzat, mozorroen festan murgilduko dira herritarrak. Jai hauen egun handia larunbata izango da: egun horretan egingo dira mozorro lehiaketak eta jada ohikoa bihurtu den argazki txokoa edo photocalla. 

Beheko plazan egingo den mozorro lehiaketak izango ditu berrikuntzak: iaz arte haurrei zuzenduta zegoen jaialdia zen; aurten gazteek eta helduek ere hartu ahal izango dute parte. 

18:00etan egingo da desfile-lehiaketa eta lehiaketara aurkezten direnek plazari itzuli bat emango diote. Parte-hartzaileek 17:00etatik aurrera izango dute izena emateko aukera.

Musikaz lagundutako desfilea izango da. Dantza egin nahi duenak, edo koreografia bat prestatuta duenak, izango du erakusteko aukera. Baina, antolatzaileek esan dutenez, dantza ez da erabakigarria izango sariak ematerako orduan. Epaimahaikideek mozorroen orijinaltasuna, norberak egin izana, edota jarrera hartuko dute kontutan. 

Mozorro lehiaketako sariak hauek izango dira:

  • Haurrentzat 3 sari izango dira: banakako-bikoteko onena, 0-8 urteko taldekako onena, eta 9-16 urteko taldekako onena.
  • Gazte eta helduentzako bi sari izango dira: banakako-bikoteko onena (80€) eta taldekako onena (120€). 

Argazki txokoa Alondegian

Aurreko urteotan bezala, argazki txokoa edo photocalla jarriko da Alondegiko Oxford aretoan. 18:30etik 21:00etara bitartean egingo da, eta nahi duen guztiak izango du oholtzara igo, mozorrotuta, noski, eta argazkia ateratzeko aukera: gazteak, helduak, gazteak helduekin, gurasoak umeekin, gurasoak umerik gabe, zuek aukeratu konbinazioa. 

Argazki hauek baleike.eus webgunera igoko ditugu eta emandako bozken arabera aukeratuko da Udalak ematen duen herritarren saria. Gazte eta helduentzako lehiaketa da hau, eta banaka/bikote atalean boto gehien jasotzen duenak 80€ko saria jasoko du, eta taldekakoan 120€.

Webgunearen bidez bozketan parte hartzen duten guztien artean beste sari bat ere zozkatuko dugu: Bai Bidea jatetxeak emandako bi lagunentzako afaria. 

Beraz, badituzue nahikoa arrazoi larunbatean mozorrotu eta kalera ateratzeko.