Indarkeria ezaren eta bakearen aldeko eguna ospatu du Maria eta Jose ikastetxeak

Baleike 2018ko ots. 5a, 16:22

Otsailaren 2an ospatu behar zuen Maria eta Jose ikastetxeak indarkeriaren aurkako eta bakearen aldeko nazioarteko eskola eguna, baina eguraldi txarra zela eta, gaur egin dute ekitaldia eskolako aretoan. Ikasturte honetan Mendebaldeko Saharak bizi duen injustizia salatu nahi izan dute. Gainera, aurten, eskolako hainbat ikaslek Saharara bidaiatuko dute Darahli elkartearekin.

Urtarrilaren 30ean, Mahatma Gandhiren heriotza eguna ospatzen da. “Hain zuzen, jasandako intolerantziaren ondorioz erahila izan zen bakezalea. Berak argi esaten zuen: ‘ez dago bakerako biderik, bakea da bidea’”, gogoratu du Ibon Ibarguren irakasleak. Maria eta Jose ikastetxeak urtero ospatzen du bakearen eguna, eta nahiz eta hasiera batean egun honetarako prestatutako ekimena aurreko ostiralean izan behar zuen, gaur ospatu dute eskolako aretoan.

“Duela urtebete egin genuen ekitaldian, errefuxiatuei ongi etorria emango geniela esan genuen, baina haserre gaude. Europako erakundeei kritika egin nahi diegu ez baitute esandako hitza bete. Ateak irekiko zitzaizkiela ziurtatu zuten, eta gezurra izan da. Finlandia eta Luxemburgo izan dira hitza bete duten bakarrak”, adierazi du. Espainiaren kasuan, esaterako,  errefuxiatuen %13 egin zaie harrera. Beste herrialde batzuetan ez dute errefuxiaturik onartu ere egin. “Euskaldunok bere garaian gure azalean bizi izan genuen egoera hori. Errefuxiatuak izan ginen, Zumaian ere espultsatuak izan ziren hainbat emakume eta ume. Beraz, orain lotsa ematen dit guk horren aurrean ezer ez egitea, eta Saharari ere gauza bera gertatzen zaio”, azpimarratu du.

Errekurtsorik gabe

2017-2018. ikasturte honetan, Mendebaldeko Saharak bizi duen injustizia salatu nahi izan du Maria eta Jose ikastetxeak. Horretarako, aurreko astean lanketa ezberdinak egin zituzten eskola orduetan. Gainera, erakusketa bat ere antolatu zuten. “Guk bi herri uztartu nahi ditugu: Sahara eta Euskal Herria”, nabarmendu du. Aste santuan gainera, Darahli elkartearekin batera, Herri Eskolako eta Maria eta Jose ikastetxeko hainbat ikasle joango dira hango errealitatea ikustera. “Zergatik ixten ditugu mugak? Gero eta harresi gehiago eraikitzen dira. Sahara bertan ere, 2.500 kilometrotako harresi bat dago; lotsaren harresia”, jarraitu du Ibargurenek.

Mendebaldeko Saharako zenbait pertsona etorri dira ekitaldira. Horietako batek, Salkak, hitza hartu du. “Sei urterekin zapaldu nuen lehen aldiz Espainia. Uda sasoia pasatzera etorri nintzen bertako familia batengana. Hasieran beldurtuta iritsi nintzen, baina egunak pasa ahala, moldatu nintzen egoera berrira. Etxera bueltatzea iritsi zenean triste utzi nuen hau. Izan ere, Saharan ez da ongi bizi, medikuntza arloan ez ditugu baliabide onak, eta elikadura aldetik ere gauza gutxi ditugu”, aipatu du. Gaur egun, Salka Zestoan bizi da eta Zumaian egiten du lan. “Falta, gabezia zegoelako etorri ginen nire familia eta ni. Han kartzelan bezala gaude. Legalki ez dira gure lurrak, baina bihotzean horrela sentitzen ditugu. Hemengo gazteei dituzten gauzak baloratzeko esango nieke: hau da, familia, lagunak eta bizitza orohar. Horretaz gain, lagun urkoari laguntzea, eta dituzten gauzak elkarbanatzea”.

Lehenengo mailako ikasleek egin duten dantzarekin, eta eskolako irakasle eta ikasle batek kantatutako abesti batekin eman zaio amaiera ekitaldiari. “Darahliren izenean, Zumaiako Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu eman diguten laguntzagatik”, amaitu du Ibargurenek.