'Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa' emango du Mikel Castellanok UEUn

Baleike 2018ko ots. 1a, 17:36

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udaberrirako prestatu duen plangintzaren baitan, Mikel Castellano zumaiarrak Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa emango du, martxoaren 24an eta 25ean, Askizuko aterpetxean. Natura eta paisaia argazkilaritzaren munduan hasi nahi duen jendeari zuzendutako ikastaro honetarako matrikulazio epea zabalik dago jada. 

“Paisaia, animaliak, landareak argazki onetan harrapatu nahi izatea naturzaleen obsesioa izan arren, nekez lortzen da oinarririk gabe. Ikastaro hau hori asetzeko diseinatu dugu”, adierazi dute ikastaroko antolatzaileek.

Bi eguneko ikastaro hau –16 ordu guztira– Mikel Castellano gazteak emango du. Irudiaren argiztapena, kaptazioa eta tratamenduan lizentziatua da. unibertsitatea.net atarira emandako elkarrizketan azaldu duenez, ekintza honekin naturazaleak prestatu nahi dituzte “ingurunea egoki, kalitatez, harrapatzeko”. Oinarrizko kontzeptuak lantzeko paisaiekin hasiko dira, “animalien aldean mugitzen ez direnez errazagoa delako”.

Mendiko eta itsasoko irudiak hartzen ikasteaz gain –Pagoetako parkera eta Zumaiako labarretara joango dira irteera praktikoetan–, argiekin ere jokatuko dute. “Hainbat argirekin lan egiteko aukera edukiko dugu; egun argiz, ilunabarrean eta gauean alor praktikoa jorratuko dugu. Behin jakintza minimoa lortuta, norbere kontu izango da gaitasunak landu eta naturako izakiekin aproba egitea”.

Ikastaro hau reflex moduko kameratara mugatuko dela dio Castellanok eta ikastaroan parte hartuko dutenek kamera beraien kabuz lortu beharko dutela. “Reflex kamerak aukera ematen du argazkia ateratzerakoan parametro edo aldagai guztiak doitzeko eta, beraz, argazkiaren emaitzarekiko erabateko kontrola dugu. Argazkiaren emaitza benetan erabakitzeko aukera dugu. Parametro horien ezagutzan jarri nahi dugu fokua”.

Teoria eta praktika landuko direla ere adierazi du. “Lehenik eta behin, metodologia klasikoarekin funtsezko teoria landuko dugu: kameren ezaugarri guztiak ezagutu, zertarako balio duten ikasi, nola erabili behar diren aztertu... Horretarako, gidalerroak prestatuta eramango ditugu.  Ondoren, ikasitako dena praktikan jartzera aterako gara aipatutako paisaietan barrena”.

Matrikulak www.ueu.eus webgunean egingo dira. Matrikula orokorra 122 euro izango da, ikasle, langabe eta erretiratuentzat 111 euro, eta UEUko bazkideentzat 94 euro. Prezioan aterpetxean lo egitea eta otorduak sartuta daude.

Ikastaroko informazio gehiago hemen aurki dezakezue.