Itzurungo hormaren zatia azaleratu da

Baleike 2018ko urt. 26a, 11:53

2016ko udazkenean zalaparta galanta sortu zen herri mailan Game of Thrones telesailaren grabaketarako Itzurungo hondartzan zegoen hormatxoa kendu zutelako. Egun batzuk geroago horma hori kentzeko izan ziren arrazoien berri eman zuten ekoizpen etxeak eta instituzioek. Urte eta erdi geroago, horma horren beste zati bat azaleratu da Itzurunen. 

Kantauri itsasoa kolpatu duten azken denboraleek hondar mordoa eraman dute Itzurun hondartzatik, eta horrekin batera agerian geratu da horma zati bat (baita putzuzuloa sortu ere). Bertaratutakoen harridura sortu zuen horrek: horma berria egin ote dute?

Foru Aldundiko arduradunekin harremanetan jarri gara eta azaldu digute, bere momentuan, petrila kendu zutenean, hondarraren kotaraino jaitsi zirela, bertako berezko harri geruzarekin topo egin arte, eta hormaren zati hau petril haren oinarria izan daitekeela, mareak ekarri eta eramaten duen hondarraren arabera bistatu ala estaltzen den zatia. Printzipioz, horma hori kentzeko asmorik ez dutela ere gaineratu dute.