Jesuskoa landetxeak hirugarren postua lortu du Tripadvisor-en Traveller’s Choice sarietan

Baleike 2018ko urt. 25a, 11:40
Argazkia: Jesuskoa

Jesuskoa landetxea hirugarren postuan kokatu da Tripadvisor webguneak antolatzen dituen Traveller’s Choice sarietan. Bezeroek webgune horretan ematen dituzten iritzien bidez erabakitzen dira postuak. Jesuskoa Espainia mailako hirugarren onena dela ondorioztatu dute bezeroek ‘Hotel ekonomikoen’ atalean, eta Europa mailako 21.a.

Aurrez ere Oikiako establezimendu honek Espainia mailako goiko postuetan amaitu du sari hauetan, baina lehen aldia da ‘podiumera’ igotzen dena. “Bost bat urte dira txapelketa honetan saritzen gaituztela, baina lehen aldia da hain goian kokatzen garela”, azaldu digu Jesuskoako arduradun Erramun Olidenek. Sari honen atzean “lan asko” dagoela azpimarratu du.

Bezeroek Tripadvisor webgunean uzten dituzten iritzien bidez ematen dira sari hauek. “Gurean 100 bat iritzi jaso ditugu iaz eta gehienak bost izarrekoak dira. Horrek asko esan nahi du”, gaineratu du. Abian jarri duten marketing planerako “bultzada” dela ere azpimarratu du Olidenek.

Bikote eta familiekin egiten du lan landetxe honek, baina inguruko enpresetara ere zabaldu dela adierazi du. “Azken urteotan gimnasioa zabaldu dugu eta bilera gela bat ere prestatzen ari gara. Inguruko enpresekin lan egiten ari gara, bilerak edo brunchak gurean hartzeko”. Bezeroei afariak ematea ere txalotu dutela aipatu du Olidenek. Arro ere badago bezeroak itzuli egiten direlako. “Jendeak errepikatu egiten du eta horrek zerbait esan nahi du”.

Jesuskoak ‘Hotel ekonomikoetan’ lortutako hirugarren postua, eta Getariako Iturregi hotelak ‘Hotel txikietan’ lortutako zortzigarrena, eskualdeko turismoarentzat ona dela uste du Jesuskoako buruak.