Euskal Ligako onentsuenek hartuko dute parte, igandean, Zumaiako VII. mushing lasterketan

Baleike 2018ko urt. 25a, 09:41

Zumaiako VII. mushing lasterketa jokatuko da igande honetan, iaz egin bezala, Basustagainean prestatutako zirkuituan. Aurten txakurkros modalitatea bakarrik jokatuko da eta Euskal Ligako partehartzaile onentsuenak Zumaiara etorriko direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Iazko lasterketaren ondoren izandako iritzi positiboei so eginez, aurten ere Basustagainean jokatuko da txakurkros lasterketa. Aurreko bost aldiak San Lorenteko zelaigunean jokatu ziren, baina, labaina zelako, herrirako jaitsiera arriskutsua zela ondorioztatuta, antolatzaileek lasterketa lekuz aldatzea erabaki zuten. Iaz egin zen lehen lasterketa Basustagainean eta korrikalariek aldaketa txalotu zuten.

Aurtengoan izango da aldaketa bat eta da modalitateak murriztu egingo direla. Ez da patin edo bizikleta modalitaterik izango; modalitate bakarra izango da: txakurkrosa.

Hutsik egingo ez dutenak Euskal Ligan aritzen diren izen onentsuenak izango dira. Jose Felipe Larrazabal, Gaizka Aretxaga, Fabian Castro, Jon Gonzalez edo Mikel Etxeberria zumaiarra irteera puntuan egongo direla pentsatzen da. Pedro Etxeberriaren partehartzea zalantzan dago, osasun arazoiak direla medio. Junior mailan hutsik egingo ez duena Kimetz Etxabe zumaiarra izango da. Iazko Munduko eta Espainiako txapeldunak etxean garaipena lortu nahiko du.

Igandean, goizeko 11:00etan abiatuko dira korrikalariak eta txakurrak. 8.300 metroko distantzia bete beharko dute. Irteera Aitzuri kalean kokatuko da, Alai auzategian; helmuga, berriz, metro gutxira, Aizkorri kalean, Branka eraikinaren parean. Aurretik, 09:00etatik 10:30era, albaitaritza kontrola egingo da. Eta, lasterketa amaitu ondoren, haurrentzako saioak izango dira. Izenak momentuan emango dira, euro baten truke. Izen-ematea zabalik dago oraindik www.herrikrosa.eus atarian.

Proba amaitu ondoren dutxatzeko Zumaiako Herri Eskolara joan beharko da. Eskola bertako patioan aparkatzeko aukera izango dute partehartzaileek. Kotxez datozenei zuzenean eskolara joatea gomendatzen diete antolakuntzatik.