Haurreskolak eta Herri Eskolak elkarlanerako akordioa sinatu dute

baleike 2018ko urt. 22a, 16:50

Ostiral goizean egin zen prentsaurrekoan, Institutuko, Herri Eskolako, Haurreskolako eta Udaleko ordezkariak bildu ziren herriko Euskal Hezkuntza Publikoa indartzeko asmoarekin. Hala, elkarlan berriak, 1993-1994. ikasturtean sinatutako akordioa osatzen du; 0-2 urteko eskaintza bere baitan jasotzea.

24 urte atzera egin behar da akordio berriaren sustraietara bidaiatzeko. Antton Peñalbak, ekitaldiaren aurkezleak, aditzera eman zuen bezala, “garai hartan elkartu ginen Zumea ikastolako eta institutuko hainbat guraso eta irakasle. Guztiok helburu bat genuen: zumaiarroi kalitatezko eskola publiko euskalduna, berritzailea, inklusiboa, anitza, autonomoa eta gizartearen etorkizuneko aldaketei aurre egingo ziona eskaintzea”. Ildo horretan,  akordio berri honek garai hartakoa osatzen du, eta oraingoan, 0-2 urteko eskaintza hartzen du bere baitan. Horrela, ikasleak 0 urterekin hasi eta unibertsitateraino ikasteko aukera izango du Euskal Eskola Publiko bateratu batean. Oier Korta, Zumaiako alkatearen iritziz, “Udalarentzako, hezkuntza garrantzizko alor bat da, izan ere, Zumaiako etorkizuna ere hemen irudikatzen da. Beraz, akordio hau orain arte egindako lanari jarraipena emateko aitortza da”.

Maribel Ibargurenek, HH eta LHko zuzendariak ere, hor ipini zuen gakoa. “Akordio honi esker Zumaiako Herri Eskola publiko euskaldun honen jarraipena ziurtatzea da. Gaur sinatuko ditugun asmo hauek hezkuntzaren inguruko erreflexio baten ondorio dira, eta badakigu beste berri batzuetara eramango gaituztela”. Ibilbide luzea izan da, baina bide honetan, harremanak estutu eta sendotu egin dira Haurreskola eta Herri Eskolaren artean. Hala, lotura horiek dira irakasleen arteko koordinazio lanetan, proiektu pedagogikoetan eta lantaldeetan eman dira. Bertan egindako erreflexioetan osatu da 0-2 etaparen bateratzea. “Gure euskal eskola publikoa osotasun batean, elkarlanean eta elkarrekin ikasiz, ekin nahi diogu. Azpimarratzekoa da ere Udalak hartu dituen zenbait konpromiso. Izan ere, XXI. mendeko gizarte berri eta aldakor honetan hezkuntzak dituen erronkei aurre egiteko garrantzitsuak dira administrazioaren aldetik inbertsioak egitea", nabarmendu zuen Ibargurenek.

Haurra, guztiaren oinarria

Sinatze ekitaldian, Arrangoletako koordinatzailea den Ihintz Linazisoro, eta Maite Huertos, Eskola Txikiko koordinatzailea izan ziren. Haur hezkuntzako lehen etapa hau, 0-3 urte bezala identifikatzen da. “Gure kasuan ordea, 0-2 urte bitartera egiten dugu, eta 3 urteko hori pixka bat zintzilik gelditzen zela konturatu ginen. Askotan sentitu dugu 0-3 adin tartea, gure etapa, ezikusia eta zentzu batzuetan gutxietsia. Ezaugarri eta behar berezi batzuk ditugu, eta horiek kontutan hartzea ezinbestekoa da. Horren ondorioz, eskolarekin batera elkarlanean aritzea garrantzitsua iruditzen zaigu”, aipatu zuen Huertosek.

Batuketa honen irabazle nagusia ikaslea izango dela uste dute, izan ere, haurra da guztiaren oinarria. “Akordio honen bidez uste dugu lagunduko dugula haur autonomoak, esperimentatzaileak eta askeak izaten. Irakasleak bidelagunak izango gara, eta hori lortzeko zer pauso eman edo zer rol hartu behar dugun jakitea izango da gure betebeharra”, gaineratu zuen Linazisorok. Gainera, etorkizunean antolatuko diren hitzaldietan edo formazio-saioetan haurrekiko begirada hartuko da oinarri. Amaitzeko, Antton Garikanok, Institutuko zuzendariak, elkarlanaren aldeko aldarrikapena egin zuen. “Ikasleen ibilbide naturala errazteko bideak errotzea garrantzitsua da. Guztiok dugu barnean su bat, eta distira hori beti piztuta egotea bermatu behar dugu. Horretarako, ekosistema hezitzailearen barnean sartuko dugu akordio hau, eta guztion onerako egingo dugu lan”.