Algorri Interpretazio Zentroaren bisitari kopurua %14an handitu da 2017an

Algorri Interpretazio Zentroa 2018ko urt. 19a, 10:08

Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak %14ko hazkundea izan du azken urtean bisitari kopuruari dagokionez, guztira 16.232 bisitari izatera iritsiz. Algorriko bisitari kopurua hirugarren urtez jarraian hazi da, 2014tik 2017ra %69 igoera izanik (2014an 9.581 hartzaile eta 2017an 16.232 hartzaile).

2005ean Algorri (www.algorri.eus) irekin zenetik 128.317 izan dira zentroan izan diren  erabiltzaileak. Bisitarien tipologiari dagokionez, eta datu esanguratsuenak aipatzeagatik, esan eskaintza didaktikoko publikoak 2017ko bisitari guztien %57a suposatzen duela, taldeek guztiaren %18a eta bakarkako bisitariek %31a. Kalitatearekin harturiko konpromisoak irakasleen balorazioaren emaitzan ondorioztatzen da, 10 puntutatik 9,1 puntuko batezbestekoa jaso delarik.

Urtean zehar zentroaren helburuak gizarteratzeko ekintzak antolatu dira, hileko lehen larunbatean eta herriko jai egunetan doako jarduerak eskainiz haurrentzat zein familientzat. Modu berean, Algorri Interpretazio Zentroak eskaintzen dituen irteera mota guztiak doan ezagutzeko aukera eman zaie zumaiarrei.

Geoparkearekin elkarlanean Akitania-Euskadi Euroeskualdean garatu den “Flysch and Go” proiektuan parte hartu du Algorriko lantaldeak, CPIE Littoral-basque Euskal-itsasbazterra kideekin batera. Euskal Herriko ikasleei kostaldeko ondare geologikoari buruzko hezkuntza eskaintza bateratua emateko aukera bideratu da lehen froga pilotua eginez.

Bestelako erakundeekin elkarlanean jardun gara 2017an eta besteak beste, “Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin” izeneko agiria berritu da, Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolaturiko “Museoen Hilabetea” egitasmoarekin bat eginez martxoan zehar doako sarrera eskaini zaie bisitari guztiei, eta Urolako museo eskaintza batzen duen “5 Geltoki Historian” ekimena burutu da.

2017an garaturiko jardueren artean itsuei eta ikusmen murritza duten pertsonei zuzendutako materialak sortzea eta zentroko seinaleztapena egokitzea azpimarratzen da, GKN enpresaren babeslegoarekin. ONCE eta Eusko Jaurlaritzako IBT-CRI erakundearekin elkarlanean flyscha bisitariei zein ikasleei ezagutzera emateko materialak sortu dira braillen baita erliebea duten mapak ere. 2018ko lehen hiruhilekoan bisita gidatuak egingo dira ikusmen murritza duten pertsonekin eta proiektu honen inguruko informazio gehiago zabalduko da.