“Susto handia izan zen baina onik gaude”

baleike 2018ko urt. 18a, 13:05

Donostiatik Zumaiarako ibilbidea egiten duen Lurraldebuseko 16:00etako autobus zerbitzuak itsasoaren indarraren ondorio latza jasan zuen atzo arratsaldean. Olatuengatik abisu laranja ezarrita zegoen, baina kostaldeko errepidea irekita egon zen 17:00ak aldera arte. Hala, zerbait lehenago, olatu handi batek aipatutako autobus hori jo, eta leiho bat puskatu zuen. Bete-betean harrapatu zituen bi zumaiar.

Donostiatik zetozen bi zumaiar gazteak autobusean, “bata bestearen atzean, eta biok leihoaren ondoan”, kontatu du zaurituetako batek. Zarautzeraino autopistan egin zuen bidea autobusak, baina ondoren, N-634-a hartu zuen. “Zarauztik Getariarantz, bide osoan zehar, olatu handiak ikusi genituen, eta justu, ia Getariara iritsi aurreko tunela pasa ondoren, olatu erraldoi bat ikusi genuen goraka”, aipatu du. Olatu hark bete-betean jo zituen bi gazteak eta aldamenean zuten leihoa txikitu egin zen. “Txapela jantzi eta makurtzeko denbora eman zidan niri, baina bertan gelditu behar genuela pentsatu nuen”, nabarmendu du.

Eserlekutik altxa eta dena kristalez beteta ikusi zuten. Autobusa hala ere Getariako geltokiraino joan zen. “Aurpegian eta eskuetan genituen zauriak. Gidariak uste zuen ez zela kristala puskatu, olatuaren kolpea jaso genuela bai, baina ez leihoa lehertu zenik. Geltokira iritsi arte ez zen konturatu”. Getarian, anbulantzia batean, artatu zituzten.

Haserre

Azkenean dena susto handi batean gelditu da baina haserre dago atzo gertatutakoarekin. “Zeuden olatuak ikusita, eta abisu laranja ere ezarrita, ez dakigu zergatik ez zioten esan gidariari Meagako bidetik joateko esan. Ematen du zerbait gertatu behar dela errepide hori ixteko. Hala ere, okerragoa izan zitekeen, eta behintzat onik gaude”.